Ibon oso larri! (Jaiki Hadiko medikuen idatzia)

Orain hiru hilabete Jaiki Hadi elkartean euskal preso politikoen asistentzian dihardugun mediku eta psikologook bi preso gaixoren larritasun egoera saltatzen genuen; eta horietako bat Ibon Iparragirre zen, Basauriko espetxean  dagoena egun.

Ibon urte askotatik hona dago VIHak ukitua, eta bere jarraipena egiten dugunok  etengabeko gaixotasunaren hondatzea ikusi dugu, bai defentsen jaitsiera mailan zein karga biralaren igoera ikaragarrian. Kontuan izan behar da bere gaixotasunaren ondorioz neke iraunkor batek jota dagoela Ibon, esfortzu nimiñoenak higadura garrantzitsua eragiten diola.  

Bere egoera horrelakoa izanik ere, Ibon hiru espetxetan egon da uztailetik hona, horretarako Madriletik Sevillara eta Sevillatik Euskal Herrira mugitu behar izan dutelarik. Azken bidaia honetan izan du higadura larriena: Euskal Herrira ekarri badute ere, bidaia bere osasun egoerari egokitako baldintzetan egin beharrean, baldintza arruntetan egin behar izan du  eta 10 egunez luzatu zen. Egun hauek erabakigarriak izan dira bere osasun egoerarako. 

Uztailean –Madrilerako trasladoaren aurretik- Sevillan egindako azken analikatik hona, bere karga biralak ia hirukoiztu ditu aurreko indizeak, 84.000tik 232.000ra igaroz. Parámetro hauek VIHak eragindako gaixotasunaren egoera aurreratua adierazten dute, gaitzaren bilakaera azkeneko aldian dagoelarik.

Gaur egun Ibonek begiaren ikusmen ia osoa galera pairatzen du, irakurtzea, idaztea eta baita inguruko lagunak ikustea eragozten diona. Gibeleko arazoak adierazten dituen hepatitisa ez biriko bat du, defentsak (CD4) oso maila baxuan ditu (64) eta anemia ferropenikoa ere badu, hemoglobina eta globulu gorrien mailaren balioak oso baxu ditu eta burdina bitaminen bidez hartu behar du.

Aipatu beharra dago Ibonen bizitza kalitatea ona zela 2010ean espetxera sartu aurretik, nahiz eta ordurako “sero (+) izan, eguneroko aktibitateak inolako mugarik gabe egiten zituelarik. Espetxeratu ondoren, aldiz, berehalaxe erreparatu genuen hondatze garrantzitsu eta iraunkor bat zuela, defentsa biologiko guztien oreka galtzearekin batera. Egoera honek gaixotasunaren aurrerapen garrantzitsu bat bultzatu du, urtebete eskaseko tartean egoera larrian aurkitu arte.  

Egoera honen aurrean, bere kasua daramagun eta hemen gauden profesionalok bere berehalako askatasuna eta etxeratzea ez den beste aukerarik ez dugu ikusten. Bere egungo egoerak gaixotasunaren aurrerapenaren aldian gaudela adierazten du, eta espetxea ez da inolaz ere lekurik egokiena behar dituen zaintzak bermatzeko. Espetxean jarraitzeak haren osasunaren hondatzea azkartuko luke, infekzio oportunista baten arriskua areagotuz, eta amaiera ekarriko luke.

—-

Entzun Ibonen anaiaren testigantza Info7 irratian: http://www.info7.com/2011/10/07/ibon-iparragirreren-egoeraz-hitz-egin-digu-bere-anaiak/