Hainbat herritar bertaratu ziren Ezker Abertzaleak atzo deituriko herri batzarrera. Kurtso politikoaren hasieran kokatuta gai nagusi bi jorratu ziren: batetik, egungo egoera politikoaren irakurketa egin zen, eta, bestetik, datozen egunetan udalean martxan jarriko diren ekimenen berri eman zen.
Une politikoari dagokionez, Ezker Abertzaleak hasitako bideak Euskal Herriaren askapen prozesua desblokeatzeko urratsak ematen ari direla adierazi zuten. Estatu espainola jasaten ari den krisi ekonomiko eta politikoak, eta, indar abertzale eta ezkertiarrek egindako presioek, estatu espainiarra gatazka gainditze aldera pausoak ematera behartzen dituzte. Hala eta ere, oraindik orain, lan ugari dago egiteko marko demokratikoa lortzeko; eta are gehiago, independentzia eta eraldaketa sozialera heltzeko. Horrexegatik, nazio eraikuntzaren garrantzia berretsi zen, bai borroka instituzionalak egin beharrekoa zein herri mugimenduak bultzaturikoa.
Bestalde, 2012rako udal aurrekontuak osatzeko prozesu parte hartzailea azaldu zen. Laburbilduz, herritarrek aukera bi izango dituzte prozesuan parte hartzeko: auzo batzarrak eta batzordeak. Dei egin zioten bertaratu guztiei batzar horietara joan eta beraien proposamenak eramatera.
Azkenik, azkenaldian Ondarroako udalaren kudeaketari buruz prentsan agertutako berriak direla eta, datozen egunetan Ondarroako Bilduk adierazpenen bat egingo duela adierazi zuten ezker abertzaleko kideek.