Iparra Galdu Baik plataformaren prentsaurrekoa

Gaur, Ondarroa eta Donostialdeko “Iparra Galdu Baik” plataformetako kideek prentsaurreko bat eskaini dute, gaixotasun larriak dituzten preso politikoen senideekin batera. Prentsaurreko horretan Txus Martin, Gotzone Lopez de Luzuriaga, Inma Berriozabal eta Ibon Iparragirreren senideek parte hartu dute. Prentsaurrekoak hiru ardatz izan ditu:

1- Ibonen egoera
2- Kanpainaren balorazioa
3- Hemendik aurrera, zer?

1. Ibonen egoera
1. Osasuna: Ibonek Basurtoko Ospitalean jarraitzen du, frogak egiten. Birikietako infekzioa kontrolatuta dauka. Egunetik egunera sendoago eta, batez ere, animatuago ikusten dugu. Edonola ere, bere osasun egoera zehatza, medikuen txostena jaso ostean jakingo dugu.
2. Legala: Alta ematen diotenean, uneoro etxean egon beharko du, kalera irteteko dituen lau orduak izan ezik (10:00/14:00). Zaintza telematikoaren pultsera jarri diote. Ez da batere erosoa.
3. Sozio-ekonomikoa: Berez eta legez, Ibonek preso jarraitzen duenez, osatu eta sendotuta ere, ezin izango du lanik egin, ezta subsidiorik kobratu.

2. Kanpainaren balorazioa
“Iparra Galdu Baik” kanpainak garaipen txiki baina garrantzitsua lortu du eta lehenik eta behin, garaipen horretan lagundu duten pertsona eta eragile guztiei bere eskerrik beroenak adierazi beharra daukagu. Guztion artean bultzatuta, helburu txikiak lor ditzakegula ikusi dugu. Plataformako batzarrean kanpainaren gakoak identifikatzen saiatu gara, esperientzia hau preso gaixo larrien inguruan lan egiten duten beste talde batzuekin konpartitzeko. Ibon etxeratzeko kanpainaren ezaugarriak aztertu ostean zera ondorioztatu dugu.
1. Larritasuna: Ibon oso egoera larrian egon da, eta pairatzen duen gaixotasunaren ezaugarriak berak, erlojuaren kontra lan egitera derrigortu gaitu, astebururoko mobilizazioekin, eta azken txanpan, Ibonen egoera larritu ahala, ia egunerokoak.
2. Ibonekin inplikatuta: Plataformetako kide gehienok Ibon zuzenean ezagutzen dugu. Bere eskuzabaltasuna eta izaera adeikorrari esker, jende askok ezagutzen du eta benetako lagunak egin ditu leku askotan. Era honetara ulertzen da eskualdean, Bilbon, Bartzelonak, Madrilen bertan, eta batez ere Donostialdean, sortu den elkartasun uholdea, eta antolatu diren mobilizazioen arrakasta.
Hala ere, kontuan izan behar dugu Ibon zuzenean ezagutzen ez duten pertsonen mobilizazioa ere oso garrantzitsua izan da, eta hori ulertzeko beste faktore batzuk aztertu behar ditugu.
3. Kanpaina komunikatiboa.
1. Enfokea: Enfokea deskribatzailea izan da. Ibonek bere egunerokotasunean pairatu duena deskribatzen saiatu gara. Informazioa jaso ahala berehala zabaltzen saiatu garenez, jendeak egunerokotasunean sentitu du nola okertzen zen bere egoera eta jasandako tratua: trasladoa, isolamendua, bistan arazoak, analitiken emaitzak, kartzelako osagilearen jarrera, infekzioa, ospitalaratzea, ertzainen tratu bortitza… Aldi berean, hizkuntza politikoa gainditzen duten ikurrak erabili ditugu, bihotza adibidez, Ibonenganako maitasunaren adierazle.
2. Internet Sarea
1. Plataformako kideon banaketa-zerrendak ondo funtzionatu du. Iboni buruzko informazio zehatza eta puntuala banatu da e-mail bidez, kontaktu guztiei zabaltzeko eskakizunarekin. Gainera zenbait agiri gazteleratu dira, eta honek estatuan ezagutarazteaz gain, beste hizkuntza batzuetara itzulpena egiteko aukerak erraztu ditu: katalana, ingelesa…
2. Iparra Galdu Baik profila Facebooken, milaka bisita izan ditu. Oso tresna eraginkorra izan da, Ibonen egoeraren jarraipena egiteko.
3. Euskal Herriko eta espainiar estatuko beste web orrialde batzuk ere oihartzun handia eman diote gai honi.
3. Ondarroan bi hilabetean hiru buzoneo egin ditugu, eta etxe guztietan Ibonen egoerari buruzko informazio zehatza jaso dute. Presentzia fisiko horrek, gainera, egoeraren larritasuna trasmititzen lagundu du.
4. Diseinua: Leloa eta logotipoa oso egokiak izan dira, kartelak, pegatak eta kamisetak egiteko euskarri legez erabiltzeko. Kanpaina identifikatzeko funtsezko elementuak bihurtu dira. Diseinatzaile eta maketatzaileen eskarmentua nabaritzen da.
5. “Gara” eta “Berria” egunkariek emandako kobertura ere ezinbestekoa izan da, batez ere azken bi asteetan: hiru lau aldiz azaldu da lehen orrian, eta horrek Euskal Herri mailan gaia zabaltzen lagundu du. Gainontzeko komunikabideen blokeo informatiboa agerian gelditu da, EiTB barne. Kontxako estropadetan kokatzen dugu kanpainaren inflexio puntua, ekintza horri esker blokeo informatiboa hausten hasi baikinen.
4. Antolakuntza eta mobilizazio eredua
1. Heterogeneo eta plurala izan da. Sortu diren bi plataformetan pentsakera eta ideologia ezberdinetako kideak batu gara, eta hasieratik argi eduki dugu batzen gaituena Ibonen berehalako askatasuna lortzea dela.
2. Behin ildo eta lelo zehatz batzuk hartuta, argi egon da plataforma eta pertsona bakoitzak askatasun osoa zuela informazioa zabaltzeko, pankartak egiteko, mobilizazioak antolatzeko… Horrek jendearen inplikazioa eta kanpainaren zabalkundea erraztu du, eta lanerako giroa oso ona izatea eragin du. Kanpainan inplikatu den jendearen eskarmentua ere aipagarria da. Egoerak eraginda, mobilizazioak aurreratu edota gauzak inprobisatu behar izan ditugunean, eskarmentu hori ondo etorri zaigu. Ondarroako Ein Daigun Bidi ekimenaren laguntza ere funtsezkoa izan da kanpaina osoan zehar, eta Ondarroako Udalak eskainitako azpiegitura.
3. Kanpaina osoan zehar, Jaiki Hadi, Etxerat eta Egin Dezagun Bidearekin koordinazioa mantentzen saiatu gara, Ibonen kasua gaixo larriak dituzten gainontzeko preso politikoen errealitatean txertatuz.

3. Hemendik aurrera
1. Ibonen aldeko Plataforma Sostengu talde bihurtuko gara, osasun arloan, epaiketen aurrean edo beste edozertan Iboni behar duen laguntasuna eskaintzeko.
2. “Iparra Galdu Baik, Ibon Etxera” Plataforma “Iparra Galdu Baik, Gaixo Larriak Etxera” bihurtzeko ekimena martxan jarri dugu, kanpainan zehar metatutako indarra eta elkartasuna areagotzeko eta zabaltzeko, eta preso dauden gaixo larrien senide eta plataformekin koordinatuz, guztiak ere berehala etxeratzeko helburuarekin. Hauexek dira: Txus Martin, Inma Berriozabal, Jose Angel Biguri, Iñaki Etxeberria, Josetxo Arizkuren, Gotzone Lopez de Luzuriaga eta Jesus Mari Mendinueta.

Tantaka-tantaka… itsasoa

Euskal Estatu Sozialista, inor ezinbesteko ez denean baina denok hala bagina moduan jokatzen dugunean izango da posible. Asko dira gure herri zahar honen etorkizunaren alde egin dutenak, asko gara horretan ari garenak eta gehiago izango dira ariko direnak. Norbere ametsekin zintzo izan eta irmo eutsi diogu horien aldeko konpromisoari. Horrela egin dugu bidea, mendietatik jaisten diren urak bildu eta euri berrien indar eta bultzadarekin. Horrela iritsiko gara helmugara, milaka errekatxo bihurri itsaso bakarrean nasaitzen diren moduan, apal, geldiezin, herri aske batera. Geroz eta gehiago dira errekastoetara biltzen diren tantoak, geroz eta gehiago garelako herri honen askatasunaren aldeko konpromisoan berresten garenak. Ezin ukatu badirela egarri direnean hodeietara begira geratzen direnak, kanpotik bustitzearekin nahiko izan eta hertzetik begiratzen diotenak errekaren emariari. Milaka gara, ordea, herri zahar honen etorkizuna irabazi ahal izateko antolatzeak daukan garrantziaz jabetu garenak. Atzo han, gaur hemen, eta bihar beharra dagoen lekuan antolatuko gara.

Bista independentzia eta sozialismoan izanik, horrako bidean eraginkorrenak diren olatuetara lotzeko beharra ikusi dugunak asko gara. Bakoitzak hausnartu behar du, lehen moduan, orain eta gero, norberari dagokio urratsa egin eta aurrera egitea.

Ezker Abertzaleak, bere ibilbide luzean erein eta jasotakoari esker, baldintza berriak sortu ditu herri honentzat. Izan ere, egindako lana handia izan da. Irribarre, malko, lagun, kide, ilusio, konpromiso, bizitza proiektuak konpartitu ditugu, eta elkar ulertuta egin diogu aurre ekaitza eta enbatei, eguzkiak asmatu ditugun arte. Hori guztia da iraultzaren iturria, herri berri baterako arnasa, hori guztia eta gehiago da gure herriarenganako maitasuna. Eta oraingoan ere, aurreko testuinguruetan bezala, bakoitzak duen hoberena emateko garaiak dira. Tantaz tanta egiten direlako olatuak, eta olatuz olatu itsasoak. Antolatu gaitezen, beraz, olatuetan eta astindu dezagun Kantauri isuria.

Belaunaldi asko daramagu herria egiten, urte asko daramagu euskal nazioa eraikitzen, esku zabal, sormen eta ilusioz. Urratsez urrats, erronka handiek eskatzen duten eran. Gainontzeko herritarrekin elkarlanean, norbere herri eta auzoetako arazo eta eginkizunetan aritu izan gara gogotsu. Gogor ekin diogu euskal herritar egiten gaituzten zutoinen alde, inurrien moduan, bakoitzaren gogo eta gaitasunak besteenarekin batuta, eztabaidaren bidez konbentzimenduak finkatu eta borrokaren ikuspegi iraultzailean sakondu dugu. Horrela egin dugu aurrera. Eta orain, denok urrats bat haratago egiteko unean gaude. Orain arteko determinazio eta gogo berberarekin herri proiektu nazional eta ezkerrekoaren alde egiteko garaiak dira. Geroz eta hurbilago gaude. Txikitasunetik handitasunerako bide honetan geroz eta gehiago gara ametsetan sinetsi eta herri guztietako bazterrak bustiko dituen euri nekaezina izatea erabaki dugunak.

Gutako bakoitza da garrantzitsua; gutako bakoitzak dauka egunerokoa iraultzeko gaitasuna eta indarra, gutako bakoitza delako herri zahar honetako zati txiki eta eraginkorra. Geure buruaren jabe izan nahi dugula erabaki dugu, nor izan eta geurez antolatuko etxea eraikiko dugula hitzeman dugu, inoiz baino indar handiagoz, sekula baino gogo eta ilusio kutsakorragoaz. Horregatik egiten dugu irribarre, badakigulako zertan ari garen, badakigulako, denok batera, zertarako garen gai. Konpromisoa ikur hartuta etorkizunarekin lotu garelako egiten dugu irribarre, konfiantza dugulako geure buruarengan, herria dugulako buru bihotzetan egiten dugu irribarre.

Indarrak biltzeko garaia da, tantaka-tantaka, bata bestearen bultzadara gehituta uholdea eragiteko unea. Sormen, konpromiso eta kidetasun uholdea, denok batera maite dugun itsaso horretara iristeko. Ez dadila inor bazterrean edota atzera begira geratu. Ezinbesteko bagina moduan jokatu dezagun, gutako bakoitzak bere egin dezala herri honen askatasun osoaren aldeko ahalegina, antolatu gaitezen olatuetan eta borrokatu dezagun etorkizuna. Badago zeregina.

Aurrera eta bidean elkar ikusiko dugu.