Preso ondarrutarra Euskal Herriratzeko Sevillako espetxetik atera zutenetik 8 egun igaro dira. Bitartean, bere senideek ez dute Iparragirreren berri zuzenik izan.
Etxerat elkarteak jakinarazi duenez, Ondarroako Ibon Iparragirre Burgoa preso politikoa Basauriko espetxera heldu da, Sevillako espetxetik atera zutenetik zortzi egun igaro ostean.
Gaixotasun larri eta sendaezina pairatzen du Iparragirrek eta gorputzeko defentsak 70etik behera dauzka horregatik, trasladoak iraun dituen zortzi egunek bere egoera larritu baino ez dutela egin salatu du Etxeratek. Gainera, edozein gaixotasun gehituak ondorio atzeraezinak ekar ditzake euskal presoarentzat.
Senideek jakinarazi dutenez, Iparragirre “oso nekatuta” iritsi da Basauriko espetxera. Halaber, egunotan ez dutela bere senidearen berri zuzenik izan salatu dute, presoak bere gertukoei bere egoeraren berri jakinarazteko duen eskubidea urratuz.
Etxeratek azkenik, gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen berehalako askatasuna exijitu du.