
Abuztuaren 15a. Andra Mari jaia Ondarroan. Herriko plaza eta inguruak jendez gainezka. Umeak eta gaztetxoak nagusi. Ume txikiak ere tarteka, asko aitari zamatik estu-estu helduta, beldurrez. Denak elizako kortxelera begira….
Gauerdiko hamabi kanpai hotsak entzun bezain laster, han agertu da kortxelean gure Leokadi. Gora eta behera, etenik gabeko higiduran, uxuka, herriko jaietan parte hartzeko pozez gainezka. Herritar guztioi bere agurra luzatu digu, jai hauetan herrian ez dauden herritarrak -hauen artean herriko preso eta iheslariak- gogoratuz.
Eta, zer esan, Leokadik herriko umeekin izan duen elkarrizketa biziaz! Entzutekoak ziren umeen BAIIII..! eta EZZZZ..! indartsuak, Leokadiren galderei erantzunez.
Eta gero, Leokadi bera, Kortzelean daukagun Erdi Aroko erret kortejo osoa lagun duela, kalejira alaian, herriko kaleetan barrena Zubi Zaharraren ingururaino, herritararrak saltoka eta builaka inguruan dituela.
Ikuskizun paregabe hori ikustean, zurekin, “Latxanbre itsua”rekin gogoratu naiz. Nola ez, bada, Andra Mari herriko Jaietan ezinbesteko jai herrikoia bilakatu zaigun ikuskizun honen asmatzailea eta bultzatzailea zeu izan zinan eta.
Gaur egun ere ikusten zaitut, egun Alai taberna dugun ate ondoan, itsuaren kupoia saltzen. Beti alai eta umoretsu. Zuregana urreratzen ginen denokin beti kontu-kontari. Nahiz itsututa egon, denok ezagutzen gintuzun geure ahotsetik.
Gogoan daukat nola, urtero, Andra Mari jaiak hurreratzen ziranean, zure kezka nagusia izaten zen Ondarroan ere, herriko jaiei hasiera eta amaiera emateko, ikuskizun bereziren bat antolatu behar genuela. Gasteizko “Celedonen jeitsiera” zenuen buruan. Uda oro zenbat alditan ez zeniguten galdetzen zeure lagunoi: “Zergatik ez dugu zerbait antzeko egiten Ondarroan ere Kortzeleko “Leokadirekin”?
Azkenean, erre eta erre, zure ideia gauzatzea lortu zenuen Kresala kultur elkartearen laguntzarekin.
1978. urtea zen. Uda horretan “Leokadiren jeitsiera” izan zen zure ardura eta hizketa-gai nagusia. Nola ez, bada, “Leokadi” Ondarroako pertsonaia mitikoa pertsonifikatzeko zeu eskaini baitzinen! Are gehiago, “Leodakik” jantziko zituen arropak ere zeuk asma eta prestatu zenituen.
Ikustekoa zen zure poza “Leokadiren jeitsiera” ekimena, -jeitsiera eta ondorengo kalejira alaia, kortzeleko beste mamuak eta erdi aroko erret kortejoko lagun zenituela-, Zubi Zaharraren inguruan bukatu zenean.
Harrezkero, “Leokadiren jeitsiera eta igoera” Andra Mari jaietako egitarauan ezinbesteko ekintza ludikoa bihurtu dira urtez urte.
“Lantxanbre itsua”, ondarrutarrok ez zaitugu ahaztu. Hor daukazu, zuk hainbeste maite zenuen “Astilleru” aldean, zuri eskainitako enparantza. Hortik igarotzen garan herritarrok, askok, ahaztuta daukagu zu nor izan zinen; beste askok ez dakite, ez zu nor izan zinen, ez-eta enparantza hori zergatik zuri eskaini zitzaizun. “Latxanbre itsua” nor izan zen, batzuei bergogoratzeko, eta gazteei jakinarazteko idatzi ditut lerro hauek. Herriko jaien giroan, idatzi ere.
Agur, “Latxanbre Itsua”. Agurrik eta eskerrik beroena ondarrutar denon izenean. Agur lagun!
Ondarroan, 2011ko abuztuaren 15ean.
Gehigarria:
Idazlantxo hau osagabe geldituko litzaidake, “Latxanbre itsuaren” ezizenaz zerbait gehituko ez banu.
“Lantxabre” ezizena, bere familiagandik datorkio. Ondarroan oso ezaguna.
“Itsua” ezizenak, aldiz, badu bere historia garratza bezain hunkigarria.
Gure “Latxanbre” ez zen itsu jaio. Urtez-urte ikusmena galtzen joan zen, guztiz itsutu arte. Ikusmena galtzeko prozesu honen aurrean ez zuen etsipenari lekurik utzi bere barnean. Itsu gelditzeak ez zion bere izaera umoretsua eta ekintzailea aldatu, indartu eta aberastu baizik.
Datu bat besterik ez dut aipatuko hemen.
Itsutu eta gero, artegintza munduan murgildu zen gure “Latxanbre”.
Batetik, zeramikari heldu zion. Ikusi gabe ere, nolako irudi biziak moldatzen zituen bere eskuekin! Honen lekuko, hor daude hainbat etxeetan banatuta berak utzitako hainbat eskulan eta irudi eder.
Idazlan honekin batera, hor doakizu, irakurle, Ondarroako “Klub 34” dantzalekuan erail zuten Anjel Etxanizi bere eskuekin egin zion irudia, eta orain ere dantzaleku horretan gordetzen dena!
“Latxanbre Itsuak” Artelan erakusketak biziki maite zituen. Artelanak “ikusi” eta euren balio artistikoaz jabetzera ere iritsi zen, soilik bere eskuekin ikutuz.
Bestetik, solfeoa ikasten ere jardun zuen, Braille sistemaz baliatuz. Esku soinua ere jotera iritsi zen.
Harrigarri badirudi ere, itsu gelditu arte egunetik egunera itsumena galtzen joateak aberastu egin zuen gure “Latxanbre”ren izaera.
“Latxanbre itsua”, pertsonai erreferentziala izan zen Ondarroan, 1960/1980 hamarkadetan, Zubi Zaharra eta Kofradia Zaharraren inguruan batez ere.

