Estatu espainol eta frantses-etako espetxe politika, mendeku politika anker baten islada dela salatu izan dugu behin eta berriz. Baina gaur pausu bat arutzago jo beharra daukagu gure salaketa honetan.
Ibon Iparragirre Burgoa Ondarroako Euskal Preso Politikoa Sevilla II-ko espetxean aurkitzen da gaur egun, pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz bere osasun egoera oso latza da, bizitza eta heriotzaren arteko muga oso murritza delarik.
Baina guk, hemen, Ondarroako Ezker Abertzaletik salatu nahi duguna da, egoera larri hau espetxean bizi duen baldintza tamalgarrien ondorioz eman dela, hau da, tratamendu egoki baten faltan aurkitzen dela eta horren ondorioz bere egoera muturreraino iritsi dela.
Ulergaitza da nola ukatu diezaioketen gaixotasun terminala sufritzen duen pertsona bati, bizirauteko beharrezkoa duen tratamendua, horregatik, gure indar guztiekin salatzen dugu mendeku politika hau heriotza politika bat bilakatzea, pertsona baten deuseztatzea alegia. Eta irmoki eskatzen dugu gaur bertan, bihar berandu baita, Ibon-i kode penalaren 104.2. artikulua aplikatzea, hau da, baldintzapeko etxeratzea gaixotasun larri terminala pairatzen duten presoentzat, horrela jaso beharreko tratamendua era egoki baten hartzeko aukera izan dezan, bere biziraupena ziurtatuz.
Beraiek, bizi eskubidea errespeta dadin aldarrikatzen duten horiek berak dira heriotza geldo eta ikustezina bilatu eta opatzen dutenak, baina ez diegu utziko, Ibon etxera bizirik ekartzea lortuko dugu, eta lortu arte ez dugu pasu bakar bat ere alperriko bidean utziko.
Gure babes eta besarkadarik beroena eskaini nahi diegu Ibonen sendi eta lagunei, eta nola ez, animorik eta indarrik sendoenak Ibon-i berari.
Aupa Ibon!
Animo eta eutsi, bagatoz eta!
Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak etxera!
Gora euskal preso eta iheslari politikoak!
Eta gogoratu hitzordu hauek:
– Uztailaren 29, 30 eta 31an, sinadura bilketa herritarren artean, Alamedan 12:00-14:00 bitartean. Sinadura hauek “instituciones penitenciarias”-eko arduradunari bidaltzeko asmoz (Mercedes Gallizo). Honekin batera postalak banatuko dira Ibon-i animoak idatzi ahal izateko. Baita ere, eragile desberdinen atxikimenduak batuko dira.
– Abuztuaren 6an eskualdeko manifestazioa 13:00etan Ondarroako Alamedatik hasita. Lema: Ibon eta Foru askatu, gaixotasun larriak dituzten presoak etxera!

