Ibon Iparragirre SOS

Ibon iparragirre preso politiko ondarrutarraren berehalako askatasuna exijitu zuen Jaiki Hadi elkarteak, Etxerat-egaz batera,Bilbon, uztailaren 15ean egindako agerraldian. Presoen arreta mediko eta psikologikoa bermatzeaz arduratzen da Jaiki Hadi elkartea, eta Ibon Iparragirreren egoera larria dela salatu zuten, neurriak hartu ezean, bizitza bera kolokan dagoela adieraziz, senideak ondoan. Ibonek, osasun arazo larria du, eta azkenaldian bere egoerak okerrera egin du.

Ibon Iparragirrek HIESA dauka, oso aurreratuta. Eguneroko gauza oinarrizkoenak be ezin ditu egin, oso nekatuta sentitzen baita. Egoera honek, psikologikoki ere sintoma larriak eragin dizkio, batez ere animoarengan. Espetxeratu aurretik, 20 urtean, gaitzari neurria hartzea lortu zuen. Espetxean, defentsak erabat jaitsi zaizkio, eta ez dizkiote beharrezkoak dituen tratamentuak eskaintzen. Ekainaren 23an medikuagaz kontsulta zeukan Ibonek, Donostiako ospitaleko barne medikuntza zerbitzuan, azterketa oso bat egiteko. Zaintzako epaitegiak trabarik jarri ez bazuen ere, ez zuten Valdemoroko espetxetik ospitalera eraman. Sevilla II du Ibonek ohiko kartzela, baina Valdemoron egon zen aste batzuetan , epaiketak medio. Uztailaren 20rako eman zioten berriro ere Donostiako ospitalean txanda, eta bigarren aldi honeta ere ez dute mugitu.

Sevilla II kartzelak bere aldetik, Ibon Iparragirreren kasuaren larritasuna ezagututa, 104.2artikulua indarrean jartzeko eskaria egin zuen duela hilabete batzuk. Artikulu horren arabera, gaixotasun larri eta terminalak dauzkaten presoek baldintzapean aske geratzeko aukera daukate. Momentuz ez dago erantzunik.

IBON IPARRAGIRRE OSASUN EGOERA OSO LARRIAN!

104.2 ARTIKULUA APLIKATU ORAIN!

IBON ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DUGU!