Urtero lez, Ondarroako Historia Zaleek beste itxura bat emango diote uztaileko liburu azokari. Herriko sortzaileen lanak erakusteko postu bat ipiniko dute azokan, eta erakusketa aretoa ere zabalduko dute herriko argazkilarien lanak erakusteko.
Aurten, gainera, Atxukale idazle eta antzerkilaria omenduko dute, herriko antzerkigintzan egin zuen lana eskertzeko. Omenaldia uztailaren 23an izango da, baina azokan bertan ere ikusi ahal izango dira Atxukaleren lanak. Horretaz gain, aurten lanen bat kaleratu duten sortzaileek euren lanak aurkeztuko dituzte alamedan aste osoan zehar.
