Munduari buelta, Ondarroatik urten barik

Asteburu honetan ere Ondarroa ekitaldiz bete da. Oraingo honetan, kanpotik gure herrira etorritakoek eduki dute protagonismoa. Perutarrek jai latinoa antolatu dute gaztetxean.

Senegaldarrek ere euren egun handia ospatu dute.

Horretaz gain, herri krosa ere ospatu da, umore onean.

San Inazio kalekoek ere ospatu dituzte euren jaiak.

Hau dena, elkartasuna ahaztu barik. Izan ere, larunbat goizean euskal preso eta iheslarien aldeko elkartasuna hondartzetara heldu zen.

Ibon Iparragirre euskal preso politikoa etxean nahi dute ondarroarrek

Hemen daukazue ostegunean Ibonen egoeraren inguruko prentsaurrekoan irakurritako testua.
 
Eguerdi on gaur hemen batu zareten guztioi:

Estatu espainol eta frantses-etako espetxe politika, mendeku politika anker baten islada dela salatu izan dugu behin eta berriz. Baina gaur pausu bat arutzago jo beharra daukagu gure salaketa honetan.

Ibon Iparragirre Burgoa Ondarroako Euskal Preso Politikoa Sevilla II-ko espetxean aurkitzen da gaur egun, pairatzen duen gaixotasun larriaren ondorioz bere osasun egoera oso latza da, bizitza eta heriotzaren arteko muga oso murritza delarik.

Baina guk, hemen, Ondarroako Ezker Abertzaletik salatu nahi duguna da, egoera larri hau espetxean bizi duen baldintza tamalgarrien ondorioz eman dela, hau da, tratamendu egoki baten faltan aurkitzen dela eta horren ondorioz bere egoera muturreraino iritsi dela.

Ulergaitza da nola ukatu diezaioketen gaixotasun terminala sufritzen duen pertsona bati, bizirauteko beharrezkoa duen tratamendua, horregatik, gure indar guztiekin salatzen dugu mendeku politika hau heriotza politika bat bilakatzea, pertsona baten deuseztatzea alegia. Eta irmoki eskatzen dugu gaur bertan, bihar berandu baita, Ibon-i kode penalaren 104.2. artikulua aplikatzea, hau da, baldintzapeko etxeratzea gaixotasun larri terminala pairatzen duten presoentzat, horrela jaso beharreko tratamendua era egoki baten hartzeko aukera izan dezan, bere biziraupena ziurtatuz.

Beraiek, bizi eskubidea errespeta dadin aldarrikatzen duten horiek berak dira heriotza geldo eta ikustezina bilatu eta opatzen dutenak, baina ez diegu utziko, Ibon etxera bizirik ekartzea lortuko dugu, eta lortu arte ez dugu pasu bakar bat ere alperriko bidean utziko.

Gure babes eta besarkadarik beroena eskaini nahi diegu Ibonen sendi eta lagunei, eta nola ez, animorik eta indarrik sendoenak Ibon-i berari.

Aupa Ibon!

Animo eta eutsi, bagatoz eta!

Gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak etxera!

Gora euskal preso eta iheslari politikoak!

Eta gogoratu hitzordu hauek:

– Uztailaren 29, 30 eta 31an, sinadura bilketa herritarren artean, Alamedan 12:00-14:00 bitartean. Sinadura hauek “instituciones penitenciarias”-eko arduradunari bidaltzeko asmoz (Mercedes Gallizo). Honekin batera postalak banatuko dira Ibon-i animoak idatzi ahal izateko. Baita ere, eragile desberdinen atxikimenduak batuko dira.

– Abuztuaren 6an eskualdeko manifestazioa 13:00etan Ondarroako Alamedatik hasita. Lema: Ibon eta Foru askatu, gaixotasun larriak dituzten presoak etxera!

Ondarroako peruanoen jaia, zapatun

Ondarroako peruanoek jai latinoa antolatu dute aurten ere gaztetxea. Zapatun, egun osoan zehar, herriko perutarrak ezagutu, euren janaria jan eta dantza egiteko aukera egongo da gaztetxean. Animatu!

Eta ez ahaztu asteburu honetan hitzordua daukagula Ondarroako senegaldarrekin ere, euren jaia ospatuko dute eta Itsas Aurren.

Ibon Iparragirre SOS

Ibon iparragirre preso politiko ondarrutarraren berehalako askatasuna exijitu zuen Jaiki Hadi elkarteak, Etxerat-egaz batera,Bilbon, uztailaren 15ean egindako agerraldian. Presoen arreta mediko eta psikologikoa bermatzeaz arduratzen da Jaiki Hadi elkartea, eta Ibon Iparragirreren egoera larria dela salatu zuten, neurriak hartu ezean, bizitza bera kolokan dagoela adieraziz, senideak ondoan. Ibonek, osasun arazo larria du, eta azkenaldian bere egoerak okerrera egin du.

Ibon Iparragirrek HIESA dauka, oso aurreratuta. Eguneroko gauza oinarrizkoenak be ezin ditu egin, oso nekatuta sentitzen baita. Egoera honek, psikologikoki ere sintoma larriak eragin dizkio, batez ere animoarengan. Espetxeratu aurretik, 20 urtean, gaitzari neurria hartzea lortu zuen. Espetxean, defentsak erabat jaitsi zaizkio, eta ez dizkiote beharrezkoak dituen tratamentuak eskaintzen. Ekainaren 23an medikuagaz kontsulta zeukan Ibonek, Donostiako ospitaleko barne medikuntza zerbitzuan, azterketa oso bat egiteko. Zaintzako epaitegiak trabarik jarri ez bazuen ere, ez zuten Valdemoroko espetxetik ospitalera eraman. Sevilla II du Ibonek ohiko kartzela, baina Valdemoron egon zen aste batzuetan , epaiketak medio. Uztailaren 20rako eman zioten berriro ere Donostiako ospitalean txanda, eta bigarren aldi honeta ere ez dute mugitu.

Sevilla II kartzelak bere aldetik, Ibon Iparragirreren kasuaren larritasuna ezagututa, 104.2artikulua indarrean jartzeko eskaria egin zuen duela hilabete batzuk. Artikulu horren arabera, gaixotasun larri eta terminalak dauzkaten presoek baldintzapean aske geratzeko aukera daukate. Momentuz ez dago erantzunik.

IBON IPARRAGIRRE OSASUN EGOERA OSO LARRIAN!

104.2 ARTIKULUA APLIKATU ORAIN!

IBON ETXEAN ETA BIZIRIK NAHI DUGU!