AURORE MARTIN ez atxilotzea lortu dute herritarrak gaur arratsaldean BAIONAn

Frantziako Polizia Aurore Martin Batasuneko kidea atxilotzera joan da gaur 14:30 aldera Baionako etxe batera, baina Martin une horretan ez zen han. Saint Andree plazako Pyrenees ostatuan dago orain Martin (15:20), 200en bat lagunek babestuta, eta baliteke prentsaurreko bat ematea. Polizia Baiona Ttipia inguratzen ari da.

Elkartasun giroa nabari da plazan, “nahiz beldurra eta tentsioa” baden, bertan daudenek diotenez.

Martinen ahizpak Euskaldunen karrikan duen etxera joan dira poliziak, atxiloketa egiteko asmoz, batzuk burua estalita, beste batzuk kaleko jantzita. Martinek adierazi duenez, beso eta hanketatik eutsita saiatu dira atzematen, baina jendea azaldu da eta hura askatzea lortu dute.

Lehengo larunbatean azaldu zen jendaurrean Batasuneko kidea, Miarritzeko ekitaldi batean, iazko abendutik gordeta egon ondotik. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren kontrako euroagindu eskaera egina du, Batasunaren bilera batzuetan parte hartu izana egotzita. Frantziako Errepublikan legezko alderdi politikoa da Batasuna, Espainiako Estatuan ez.

Hilabeteotan Ipar Euskal Herrian atxikimendu ugari jaso du Martinek. Euroaginduaren aurka egin dute.