Egunaren kronika:
Gaur goizean, gazte mugimenduari eskaini diogu eguna.
Euskal Herriko gazte mugimenduaren argazki erakusketa paratu dugu aulario kanpoan. Urte luzeetan antolatuta egindako lana eta borrrokak agerian utzi eta memoria frexkatzeko prest. Selektibitateko azterketen hasiera aprobetxatuta, jaima jarri eta informazioa banatzen ibili gara gazteen artean.
Bestalde, Nafarroako gazte errepresaliatuen gurasoen bisita eta elkartasuna jaso dugu. Jakina da denbora luzean guraso hauek egindako lanaz eta mobilizazioetaz berri dugula. Haiek esan moduan “beharrezkoa den leku eta txoko guztietara joanen gara, gure seme-alabek egin ezin dutena egitera edota haien ondoan egotera”. Iruñatik ekarritako pankarta atzean jarri gara denok jaiman propaganda banatzen segitu dugun bitartean.
Azkenik, Ezker Abertzaleko ordezkarien bisita izan dugu ere. Tasio Erkizia, Txelui Moreno, Miren Legorburu eta Niko Moreno izan dira haien artean. Azken urteetan gazteriaren kontrako “sarraskia” egin dutela eta horri “stop” handi bat jartzeko beharra azpimarratu du Erkiziak. Estatuek prozesu demokratikoa geldiarazi nahi izatea leporatu eta gazteriaren kontra aritzeak salatu ditu besteak beste; gazteria “prozesu honen motore edo giltza dela argi dakitelako ematen dela azalduz.
Arratsaldean, 19:00tan, Prim kalean dagoen PSOEko egoitzaren aurrean kontzentrazioa burutu dugu ehundik gora bildu garelarik, “Gazte1+ez! Euskal Gazteria aurrera” lelopean. Gure asmoa, elkarrateratzea egitearekin batera, PSOEko egoitzan bertan gutun bat ematea zen, bertan, dinamikaren helburuak eta paiaratzen ari garen jazarpen guztiaren aurrean eurek duten erantzunkizuna salatzea zen, eta egun habian den prozesu demokratikoan beren aldetik pausuak ematea exijitzen genuen, atxiloketa guztiekin amaituz, dagoeneko ditugun prozedura judizialak bertan behera utziz, espetxean jarraitzen duten kideak askatuz, inkomunikazioarekin, eta beraz, torturarekin amaitzea, jasandako torturen ondorioz osatutako zerrenda beltzak baliogabetu, finean, eskubide zibil eta politiko oro errespetatu ditzaten exijitzen genien. Honen aurrean, beraien erantzuna esanguratsua izan da: ez gaituzte egoitzan sartzen utzi! Gainera, elkarrateratzea burutzen ari ginela, gutako hainbat gazte identifikatuak izan gara.

