Turrune, 59.000 bisitatik gora 12 hilabetetan!

Gure Turrunak 59.100 bisita jaso ditu 12 hilabetean. 2010eko ekainaren 5ean sortu genuen eta hilabete hauetan zehar ondarrutar askoren informazio gune bihurtu da. Herritarrentzat Ondarroan zer egon den eta zer dagoen jakiteko tresna da gure bloga, eta kanpoan dauden ondarrutar askorentzat herriarekin lotuta jarraitzeko modua (Ekuadorretik Portugalera, eta Andaluziatik Finlandiara).

Urte honetan zehar 342 notizia sartu ditugu Turrunean. Horrek erakusten du zelako herri biza den Ondarroa. Ia egunero dago zerbait berria egiteko eta kontatzeko.

Turrunak laster urte bat beteko badu ere, komunikazio proiektu hau zaharragoa da. Gure lagun batek hasi zuen, interneten Brankaz bloga sortu zuenean (http://brankaz.wordpress.com/). Baina zoritxarrez gure lagun hori atxilotu egin zuten iaz, eta berekin eraman zuen proiektua ere. Hilabete batzuk beranduago, beste herritar batzuek proiektuari jarraipena ematea erabaki genuen, eta horren ondorioz sortu genuen Turrune. Gugandik urrun giltzapean dagoen lagun horri eskaintzen diogu, beraz, Turrunak eduki duen arrakasta.

Urtebetzea ospatu behar dugunez, Turrunaren eskaintza ere handitu nahi dugu, jendeak horixe eskatzen digu eta Horretarako, adibidez, iritzien eta elkarrizketen atalak indartu nahi ditugu. Ondarrutarrak Munduntzir atal berria helburu horien lehenengo emaitza da. Hauteskunde gabean emaitzak zuzenean botatzea ere bai. Esan beharrik ez dago, Turrunean herriko gauzei buruz berba egin nahi duenak ateak zabalik dauzkala. Hortxe daukagu otzara@hotmail.com helbidea, hantxe jasotzen ditugu jendearen proposamenak, notiziak… eta bertara idaztera animatzen zaituztegu.

Itxura ere aldatu diogu gure blogari. Ez gara geldirik egoteko jaio, eta geure eskaintza berritzen goaz, bloga gero eta atseginagoa eta irakurterrazagoa izateko.

Hemen duzue azken 11 hilabetetako bisiten grafikoa, esanguratsua benetan:

Maiatzean bisita asko izan ditugu, batez ere hauteskunde egunean:

Eta hau dena ilegalizazio egoera batean egin dugu, aurpegia ematea zaila eta arriskutsua den egoera batean. Baina aurpegia ematen jarraitzeko asmoa daukagu, geure iritzien bidez, geure ekintzen bitartez… eta denon laguntzarekin.

Eskerrik asko eta aurrera!