NEURE HAUSNARKETA BATZUK…
Nazio bat ez dago inoiz geldik. Izate dinamikoa du… garaian garaiko bizidunek eragiten dutelako lan horretan. Nazio bat izatea, etengabeko nazio eraikuntza batean bizitzea da. Beraz, prozesu bat da, baina ez lineala. Nazioa egiten joaten da… aldatzen, eraikitzen baina baita deseraikitzen joan daiteke. Oraingo garai hauetan esango nuke euskal nazioa berreraikitzen hasi dela. Garai berria, ziklo berri bat piztu da gurean… argiago ezin da ikusi.
Historialaria naizen edo izan nahiko nukeen aldetik, nazio berreraikuntzan gauden une honetan, euskal historia irakastea, ikastea, ulertzea, egitea, berrirakurtzea ezinbesteko tresna ikusten dut nik. Egungo ikasleek ez dakite Nafarroa su eta gar konkiskatu zutela, Karlistaldietan Bilboko herri xehea karlista izan zela, euskara hizkuntza kultu bihurtzeko ahaleginak jauntxoek zapuztu zituztela klase-interesek eraginda…
Pierre Vilar historialari marxistak zioen moduan “naziotasuna iraupen luzeko fenomenoa da. Oinarri etnokultural iraunkorra duena, behin eta berriro azaleratzeko joera duen antzinako iturburua da“. Historiaren irakaskuntza eta hedapena, euskal nazio kontzientzia kolektiborako tresna eta abertzaletasunaren elikagai da. Josep Fontanak, historia ekonomikoko katedradunak horrela adierazten du “Europa ante el espejo” eta “La historia de los hombres” liburuetan:
“Europako historia erreala ezagutzeko, plurala eta mestizoa den europar komunitatea ezagutzeko, baztertu egin behar dugu, betiko baztertu ere, historiaren ibilbideari buruzko ikuspegi lineal hori, fase bakoitza aurrerapen bat gisa mekanikoki interpretatzen duen hori; haren ordez, egin eta irakatsi behar dugun historiak gauza izan behar du …. ibilbide anitzen, bidegurutze askoren artikulazio korapilatsua aztertzen eta agertzen, non, askotan, ez zen ibilbide onena aukeratu gizon eta emakume gehienen ongizaterako, baizik eta konbentzitzeko eta inposatzeko gaitasuna eta indar errepresiboa zituzten taldeei komeni zitzaiena…. Horretarako, … progresoaren mitoari eta zientziaren kontzepzio deterministari mugak ezarri behar zaizkio eta baita eurozentrismoari ere”.
Askotan, bestearen gezurrezko irudia eraikitzen da, norberarena edertzeko eta bestearena gutxiagotzea edo ezabatzea justifikatzeko. Espainiar estatua, etengabe aritu da horretan eta arituko da geroan. Baina geroaldia ezin da aurretik jakin. Horrek esan nahi du, gure geroaldia eraikitzeko gaitasuna dugula, nahiz eta zirkunstantziak ezin ditugun aukeratu, baina bai eragin, sortu. Historia, ez dagoelako determinatua, zeregin askatzailea izan dezake, gure bizitzaren subjektu bilakatzen baikaitu. Historiak performatiboa izan behar du. Teorikoki uler daiteke eta, beraz, errealitateak transforma ditzake. Historia guk egin dezakegu.
Esaera bat dago; “Jakiteko nora goazen, non gauden jakin behar dugu eta, horretarako, nondik gatozen jakin behar da”. Eta adibidez beste Ozeaniako atsotitz bat: “Haien iraganaldia ezagutzen ez duten gizakiek desabantaila bat badute eta honako hau da: haien orainaldia ere ezagutzeko gauza ez direla.” Memoria historikorik gabeko herririk eta naziorik ez dago eta, gainera, memoria kolektibo hori gabe, ez dugu gaitasunik egungo egoera sortu dituzten mekanismoak ulertzeko (Nafarroan, UPNk duen nagusitasuna, edo Ipar Euskal Herrian euskara horren azkar galtzearen arrazoiak) eta, beraz, historiaren akatsak zeintzuk diren ikusteko. Jose Manuel Odriozolak dioen bezala, bere “Hizkuntza, kultura eta gizartea” liburuan: “Euskal kulturarik gabe euskarak ez dauka zer eginik. Ezta Euskal Herriak ere, herri hori euskal den bezainbatean… hori erakutsi du, era nabarmenean, ikastoletan eta eskola publikoetan sartu den sistema, erdararen funtzio hegemonikoak mantentzen dituen eskolagintza… Pentsamendu eta kultura espainola ez da bakarrik erdaraz ekoizten eta kontsumitzen; euskaraz ere… Erdal kultura elebakarraren monopoliopean erdietsi nahi izan dira euskararen ezagutza eta erabilera. Eta hori ezinezkoa da…”
Interesgarria litzateke nire ustez, Euskal Herriko Historiari dagokionean, historia konparatiboa egitea. Bertsio desberdinen arabera emaitzak nola aldatzen diren ulertzeko. Adibidez: Gipuzkoa eta Araba, konkiskatu egin zuten ala Gaztelarekiko atxikimendua paktatu zuten? Nafarroa konkistatu eta txikitu al zuten ala “anexionatu” egin zuten? Foruak zer dira: frankizia eta pribilegioa ala euskal legeak? Kaparetasun orokorra zeren adierazlea da: igoalitarismoarena ala arrazismoarena? Karlismoa mugimendu dinastiko eta atzerakoia ala mugimendu askea eta herritarra izan zen? Nafarroak Lizarrako Estatututik kanpo geratzea erabaki al zuen ala ez? Batasunik egon al zen frankismoaren kontra ala batzuek bakarrik borrokatu zuten?
Nire iritziz, beraz, nazio eraikuntzarako, Euskal Herriko historiak ikasgai bezala honako ezaugarri hauek beharko luke sortu hezkuntzatik:
– identitarioa (memoria propioa lantzea; amnesia kolektibotik hainbat elementu berreskuratzea; 1936ko gerra, frankismoaren izugarrikeriak eta horiek ahaztu zituen trantsizioa…)
– nazionala (beste kolektibitateekiko harremanak aztertzea; frantses eta espainiar ereduen asimilazioaren nondik norakoak ikustea; euskararen eta euskal kulturaren eta Nafarroako euskalduntasunaren gainbeheraren zergatiak ulertzea; Espainiako eta Frantziako inperialismoa ikustea; historiaren faltsutzea Estatuek hegemonía ezartzeko…)
– herritarra (igoalitarioa, antipatriarkala, anti-frankista, desberdina baina unibertsala…)
– soziala (pertsona eta taldeen arteko harremanak eta gizartearen barruan dagoen ondasunen banaketa; kanpoko eta barneko klase-borrokak…)
– askatzailea, eraikitzailea, integratzailea, irekia (ikasleen formazio integralerako pentsatua, egun dagoen irakaskuntzaren merkantilizazioatik at dagoena; euskal nazioaren konplexutasuna ulertzeko balioko duena; eztabaidarako tresna dena…)
Akaso txikiak eta antzinakoak diren nazionalitateen kontzientzia izan daiteke irtenbiderik modernoena horrenbeste gerra eta sufrimendu eragin dituzten estatu-nazio edo nazio-estatu zaharren eredua gainditzeko.
