Ibon Iparragirrek mehatxupean deklaratu zuela adierazi zuen Entzutegi Nazionalean

Maiatzaren 12an Ibon Iparragirre epaitu dute Madrileko Entzutegi Nazionalean. Bere aurkako salaketa 2008ko apirilean Elgoibarko “Casa del Pueblo”n bonba bat jartzea da, Aitzol Etxabururekin batera, eta eskakizun fiskala 17 urteko kartzela zigorra da, “estragos” delitua leporatuz.

Ibonen aurkako froga bakarra, inkomunikazio egoeran zegoela egindako aitorpena da. Kontutan hartzekoa da, deklaratu zuten zortzi ertzainetatik batek berak ere ez zuela segimenduetan eta atxiloketan parte hartu: lehergaietan hiru “perito”k deklaratu zuten, bonbaren oharra jaso ostean Itziarretik Elgoibarrera hurbildu ziren patruilako bi ertzainek, itaunketaren instruktoreak eta idazkariak. Alfonso Zenon abokatuak, Ibonek jasandako tratu txarrengatik sartutako salaketaren atalak irakurri ostean, galdera bat luzatu zion idazkariari: ea normala den, ea ohikoa den, atxilotuek goizeko seiretan eta gaueko hamabietan deklaratzea, polizia txostenaren arabera, Ibonen bi deklarazioak ordu horietan eman baitziren. Galdera erantzunik gabe gelditu zen, baina argi gelditu zen aitorpen horiek ez zirela borondatezkoak izan. Itaunketa gidatu zuen ertzainak ere, Iboni egin beharreko galderak berak pentsatutakoak barik nagusi batek emandakoak zirela aitortu zuen, eta litekeena zela bere aurretik beste ertzain batzuk ere Ibon interrogatu izana. Beraz, argi gelditu zen Ibonen aitorpenak, borondatezkoak barik, behartuak eta gidatuak izan zirela.

Zenon abokatuak absoluzioa eskatu zuen, eta edonola ere, egotzitako ekintza “estragos” barik “daños” delituan barruan sartzen dela, eraikinak ez zuelako kalte estrukturalik jasan eta pertsonen aurkako arriskurik ez zelako egon: ertzain batek deklaratutakoaren arabera, 35 metrotara zegoen telefono kabinaren kristalik ere ez zen apurtu. “Daños” delituaren gehiengo zigorra hiru urteko kartzela da.

Ibonek 16 hilabete daramatza isolamendu egoeran, eta urtebete baino gehiago Sevilla-2n. Une honetan, Valdemoroko kartzelan aurkitzen da, berritzen ari diren modulu batean, eta ondorioz, nahiko egoera kaxkarrean. Ekainaren 17an beste epaiketa bat izango du, oraingo honetan Asier Badiolarekin batera.

Ibon Iparragirre epaiketaren une batean Madrilera hurbildu ziren senide eta lagunak agurtzen.