Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren oharra:
Ongi etorri Gatza eta Elurtxuri! Biziarteko espetxe zigorrik ez!
Jose Mari Sagardui Gatza eta Jon Agirre Elurtxuri euskal preso politikoak kalera aterako dira datozen asteotan. Aurrenak 31 urte beteko ditu espetxean, bigarrenak berriz 30.
Bi euskal preso politiko hauen kasuek ondo baino hobeto erakusten dute euskal preso politikoen aurka Espainiako Gobernuak ezarri duen espetxe politika zertarako egina den. Europan jarraian eta espetxetik atera gabe urte gehien preso daramatzate Gatzak eta Elurtxurik. Azken honen kasuan gainera aipatzekoa da gaixotasun larriak jota dagoela espetxealdi luze eta gogor honen eraginez.
Euskal preso politikoekin amaitzea bilatzen duen espetxe politika ankerraren adibideak dira bi hauek, beste 750 euskal preso politikorekin batera. Urte hauetan guztietan espetxe politika errepresioaren zerbitzuan izan dute Frantziako eta Espainiako Gobernuek, aldian aldian euskal preso politikoekin amaitzeko neurri berriak erabili dituztelarik. Kolektiboarekin amaitu nahi dute, preso politikoak suntsitu, izaera politikoa kendu. Euskal Herrian Kolektiboak duen erreferentzia politikoa eta humanoa isildu nahi dituzte.
Sakabanaketa politikaren bidez presoak elkarrengandik banatu eta Euskal Herritik gehiago urrundu nahi izan zituzten, tartean Kanariar irletan edo Ceutan ere izan zituztelarik. Baina Kolektiboak duintasun eta gizatasun handiz aurre egin die beraien aurka ezarritako neurri guztiei. Horregatik estatuak espetxe politika egokitzen joan dira urte hauetan guztietan, helburu berberak lortzeko eginahalean neurri berriak abian jarri dituztelarik. Hor daude besteak beste gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak bahiturik mantentzeko neurriak, tartean eskizofrenia eta minbizia bezalako gaixotasunak dituzten pertsonak. Hor dago bakartze politika, sakabanaketarekin nahikoa ez eta presoa inolako komunikazio biderik gabe utzi nahi duen neurri multzoa, espetxe barruan isolatuz, kanpoarekin harremana zailduz e.a. Eta hor dago senide eta presoen aurkako miaketa umiliagarrien jarduna ere.
Neurri hauekin guztiekin batera euskal preso politikoei praktikan biziarteko zigorra ezartzeko legezko aldaketak egin dituzte. Biziarteko espetxe zigorra legeztatu du Espainiako Gobernuak, eta presoak 30 eta 40 urtez espetxean mantentzeko beharrezko legeak osatu eta onartu dituzte urteotan. Irteerarik gabeko zuloan mantendu nahi dituzte euskal preso politikoak, beraientzat espresuki onarturiko lege eta neurri sorten bidez.
Gure herrian aro politiko berri bat zabaldu den honetan euskal preso politikoek bizi duten egoera larriari amaiera emateak lehentasuna duela uste dugu. Euskal preso politikoen eskubideak onartuak izan behar dute, sakabanaketarekin amaituz, biziarteko zigorra indargabetuz eta gaixotasun larriak dituzten euskal preso politikoak kaleratuz. Honekin batera, prozesu demokratikoak preso eta iheslari guztien etxeratzea ekarri behar du berarekin, presoak, eskubide guztien jabe etxeratuak izan daitezen.
Amnistiaren Aldeko Mugimendutik dei egin nahi dugu bide honetan mobilizazioa eta presio soziala areagotzera. Herritarrei presoen eskubideen alde kalera ateratzeko deia luzatzen diegu, soilik modu honetan lortuko baitugu estatuei espetxeetako giltzak eskutik kentzea.
Euskal Presoak Euskal Herrira, Amnistia!
Euskal Herriko Amnistiaren Aldeko Mugimendua
APIRILAK 13 ASTEAZKENA
> * 31 urte preso egon eta gero, Jose Mari Sagardui ‘Gatza’ libre
> geratuko da. Arratsaldeko 20:00etan ‘Bizi osorako kartzela zigorrik
> ez!’ lemapean manifestazioa izango da Zornotzan.
>
> APIRILAK 16 LARUNBATA
> * Bizi osorako kartzela zigorraren aurkako ekitaldi nazionala
> arratsaldeko 17:30etan Zornotzako Udaletxeko Plazan.
DENAK ETXERA EKARRI ARTE, JO TA KE
![gatza-ta-elurtxuri[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/04/gatza-ta-elurtxuri1.jpg?w=636)
![gatzaelur[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/04/gatzaelur1.gif?w=636)