PROZESUARI BELDURRA eta BAKEARI EGURRA

 


 

Fikziosko nobela baten izenburua dirudi, baina ez. Bihar bertan eta guk jakin barik ETAko kideak izan gintezke, poliziak, barne ministerioak, fiskaltzak eta epaileek hala nahiko balute. Horrela izan da beti, izaten ari da eta etorkizunean ere auskalo.

 

Ohituta gaude urteetan, beraiek deitzen dioten demokraziaren izenean neurri eta zigor antidemokratikoak jasaten, oraindik ere “dena ETA da” tesiarekin baliatzen baitira. Oztopoak oztopo, atzera bueltarik izango ez duen prozesuan murgilduta gaude, Euskal Herriaren eraikitze prozesu nazionala, alegia. Inolako indarkeriarik gabe, demokratikoki eta bide politikoak soilik erabiliz  izatea nahi duguna, bakean uzten badigute.

 

Gaztetan, eskola maisu batek honako hau errepitazen zigun: “Bi gauza, hirugarren batekin berdinak badira, bi gauza horiek elkarrekin berdinak dira”. Logika hau erabiliz eta beraien tesiaren arabera honako hau esan daiteke: ETA eta Batasuna berdinak omen dira, eta bestetik ordea Sortu eta Batasuna ere bai, hori horrela izanik, Sortu ETA da, beraz, legala izan nahi duen alderdi polítiko terrorista bat, PSOEn, PPren eta hauen kontrolpean dauden eta sistemari eusten dioten hedabideen esanetan. 

 

Beti ere tesi horren logikari jarraituz, Sorturen sustatzaileak (promotoreak), denak, kartzelan behar lukete egon eta Bilbon legalizazioaren alde egin izan diren bi manifestazioetan jaondako milaka pertsonak ere epailearen aurrera eraman ETAri babesa eman izanaren akuzaziopean. Hau egin ezean, logikak berak dio, egun, kartzeletan dauden asko kalean libre egon behar luketela.

 

Sortuk sortu duen lurrikara polítiko mediatikoa oraindik ez da bukatu. Auzitegi Goreneko 61eko aretoa osatzen duten hamasei  epailetik bederatzik (gehiengoak) hartutako ebazpenarekin Sorturen jarduerarako inskripzio eskaria errefusatu egin dute, beraz, askatasuna eta bakea ilegalizatu. Frankismoan gertatzen ohi zen bezalaxe susmoak eta poliziaren zantzu faltsuak izan dira frogak. Erabaki honek argi uzten du PSOEren eta PPren estrategi bateratuan oinarritutako beraien betiko diskurtsoa elikatzeko gerrarako prest daudela, hau da: atxiloketak, torturak, akusazioen asmakizunak, kartzelak…., eta agian gerra zikina ere.

 

Euskal Herriari dagokionean, urteetan, estatuko zenbait poderetik entzun dugun betiko leloa hau izan da: “ Hemen ez dago gatazkarik, ez arazo politikorik, ezta preso politikorik ere. Hemen dagoen gauza bakarra terrorismoa da. Euskal Herria nazionalisten asmakizun bat da. Hau Espainia da”. ETA gorrotatzen badute ere beharrezkoa ziae diskurtsoari eusteko, besterik ez baitakite esaten.

 

Espainako estatuak bere baitan darama indarkeriaren kultura eta estrukturatuta dago. Inork ez dezala pentsa euskal erakunde armatuak behin betirako armak uztea erabakiko balu biharamunean bakea lortuta egongo denik. ETAk inoiz ez du izan indarkeriaren esklusibotasuna ezta bakearena ere. Hemen denok gaude inplikatuta eta gehien bat estatua bera. Hausnarketa honek konponbidea eskatzen du, negoziazioa… ETAk bakea bideratzeko eman du bere pausoa  eta bide horri eutsi nahi dio.

 

Francok inoiz lortu ez zuena eta berau hil ostean, Estatu Espainolaren garaipen handiena  abertzaleon zatiketa lortzea izan da eta estrategi horretan jarraitzen du. Batzuentzako hitz goxoak eta besteentzako madarikazioak eskainiz. Abertzale izatearen funtsa eta definizioa nik ulertzen dudana baldin bada ez dut uste aitzakirik egon litekenik alderdi abertzaleak elkar lanean aritzeko. Euskal Proiekto Nazionala bideratzeko ezin da zatiketarik egon, bestela gureak egin du. Lehen ETA zen aitzakia, orain alderdikeriak ote dira ba?… Interes pertsonalei begira dagoenak ez du herria maite  eta politikan poltronak ekar zezakeen diru iturriak beti dira tentagarriak. Bide hau hartuz gero, eroso bizitzeko apustua egin  dutenek euskal gatazka konpontzeko bideari uko egiten diote, arazoa luzatuz.

 

         Zer nolako eredu sozial eta ekonomíkoa nahi denaren arabera egon daiteke eztabaida. Gobernu espainolak azkanengo hartu izan dituen neurri ekonomikoak ezin dira inola ere onartu, euskal langileriaren eta pentsionisten lorpenak eta eskubideak murriztu kapitalismo espainola salbatzeko. Pentsaera marxistan oinarrituta, Euskal Herria euskal langileriarena izan behar du eta ez espainol kapitalismoarena, eta independentzia geure herriak eta euskerak  bizirik irauteko duen bide bakarra da.

 


  Azken finean, indarrak bildu egin behar dira eta ez elkarri mokoka ari. Estatuak inoiz ETAri ez dio beldurrik izan abertzaleon batasunari baizik. Egun, abian den prozesuari dio benetako ikara, konfrontazio demokratikoari. Hau eman ez dadin errepresiozko makinaria guztia martxan jarriko duela ere zigur gaude besterik ez baitakite egiten. Beraiek inposatu nahi diguten bakearen izenean, gure bakeari egurra. Beraz, ¡ eutsi, ez etsi eta ekin…¡  Ezina ekinez egina.