Argazki hau, 1964ko martxoaren 3an ateratakoa da, urte hartako ABERRI EGUNEAn. hain zuzen be, konturatuko zazen lantxeik FRANKO diktadorea euan agintzen, eta horregatxik ikurrin barik agertzen diz bertan,GERNIKAko juntetxearen aurrean.
47 urte geroago eta apirilaren 24an, bertara (GERNIKAra), joateko dei egin diete abertzale guztiei. Ziur egon, bai, haietako batzuk, zein euren ondorengoak han egongo direla.
Aberri Egunerako deialdia
Aurtengo eta datorren urteko Aberri Egunak deitzen ditugu gaurko agerraldi honen bidez. Aurtengoa, Euskal Herriko bi puntutan deituko dugu, Gernikan eta Baigorrin, eta hurrengo urtekoa, Iruñean. 2011 eta 2012, Baigorritik eta Gernikatik, Iruñera. Gernika, gure askatasunaren ikurra, Baigorri, nafar lurralde batasunaren ikurra eta Iruñea, Nafarroako Erresumako eta Euskal Herriko hiriburua, lotu nahi nahi ditugu bi urte hauetan.
Denbora izango dugu, jakina, 2012ko deialdiaz hitz egiteko. Aurtengoari dagokionez, “Argi Berdea Independentziari” izango da leloa , hau da, euskal nazioa aitortu eta independentziarako, askatasunerako, duen eskubide demokratikoa errespetatzeko exigentzia.
Aspaldi hasi ziren Baigorriko Basaizea Elkarteko kideak Nafarroaren Eguna antolatzen. Beti apirileko azken igandean ospatu izan da eta, dagoeneko, erreferentzia handiko eguna da Nafarroa Behean zein Garaian eta, orohar, Euskal Herri osoan.
Aurten, inoiz ez bezala, egun berean dira Nafarroaren Eguna eta Aberri Eguna eta, honenbestez, izugarrizko aukera ederra bilakatu dira bi deialdi hauek gure naziotasuna aldarrikatzeko eta Nafarroak izan duen eta duen erreferentzialtasuna aldarrikatzeko.
Basaizea Elkarteko kideekin adostu dugu beraiek antolatzen duten Nafarroaren Egunaren baitan geuk ere Aberri Eguna Baigorrin egitea, eta gaur beren jarrera zabal eta zintzoa eskertu nahi dugu, deialdi ezberdinen nortasuna bermatuz Aberri Egunerako eta Nafarroaren Egunerako hitzordu ederra prestatuko baitugu aldi berean Baigorrin eta Gernikan.
Gernikan egun osoko egitaraua burutuko dugu, eguerdian manifestaldi eta ekitaldi politiko nagusia izango da eta, ondoren, adarrikapenak eta jaiak bat egingo dute arratsaldean zehar, gauerarte. Eta Baigorrin, Nafarroaren Egunaren baitan egingo dugu eguerdian Aberri Egunaren ekitaldia, eta independentziaren aldarrikapena egun osoan kalean egon dadin bultzatuko dugu.
Beraz, Basaizea Elkarteko kideari hitza eman aurretik, gure aurtengo deialdia azpimarratu nahi dugu. Independentista guztiei deia luzatzen diegu aurtengo apirilaren 24an Gernikan eta Baigorrin antolatuko diren Aberri Egunaren ekitaldietan parte har dezaten, “Argi berdea independentziari” lelopean.
Aurten bat egiten dute Nafarroa Egunak eta Aberri Egunak datan eta deialdian. Batasuna eta askatasuna, Baigorri eta Gernika. Batean eta bestean kolore guztietako independentistak elkarturik gure Herriaren eguna ospatzeko aukera ezin hobea.
INDEPENDENTISTAK Saretik Euskal Herri osoa animatzen dugu Baigorri eta Gernika berdez jartzera eta era tinkoan erakustera 500 urte geroago, 75 urte geroago, Euskal Herria bizirik dagoela!, eta gaitera, bere askatasunaren sua behin betirako pizteko prest, independentziaren argi berdea pizteko prest. Argi berdea independentizari!
![DSC2732-1024x685[1]](https://turrune.com/wp-content/uploads/2011/03/dsc2732-1024x6851.jpg?w=636)