Mikel Etxaburuk (Ondarroa, 1969) bere lehen liburua kaleratu du: “Zu zara orain txoria”, 2008-2010 bitartean oso egoera berezian ondutako poema-sorta, hiru gai nagusiren inguruan ardaztua: kartzela, maitasuna eta utopia.
Nolakoa izan zen sortze prozesua? Liburu bat izango zela ikusten zenuen?
Abstrakzio ariketa izugarria egin behar da horrelako ez-lekuetan sormenari ateak zabaldu nahi badizkiozu. Eta horretarako, zuk kontzienteki aukeratutako norabideetara behartu behar duzu burua. Nire kasuan, poesia idaztera. Urte asko daramat poesia idatzi eta koaderno galduetan biltzen. Gustura sentitzen naiz holako moldean, eta nahi nuen poema bidez adierazi han barruan sentitutakoa. Halaxe egin nuen. Eta ez, nire helburua, ez zen izan liburu bat argitaratzea. Gauzak joan diren moduan joan dira, ordea, eta asko poztu ninduen argitalpen eskaintzak.
Liburuaren lehen partea oso loturik dago espetxeko geografiari eta bizikizunei; izenburua ere aproposa du: “Ez-lekuak”.
Hori da kartzela niretzat, ez den lekua, han dagoen inork, ezta funtzionarioek beraiek ere, egon nahi ez lukeen gune itogarria. 29 pauso luze patioak eta 31 zabal, Harkaitz Canok hitzaurrean dioen moduan, “zerua posta zigilu baten neurrira urriturik ikustea, dena urrun eta dena zurrun den paraje hondamendizkoa”. Poema liburuaren abiapuntua, halabeharrez, kartzelak behar zuen izan. Bai, seguruenik, errazagoa da kartzelan poeta izatea.
Gero, berriz, “Leku pribatuak” bigarren atalean, maitasunari egiten diozu leku, modu esplizituki erromantikoan gainera. Kontrastea bilatzen zenuen ala nondik nora izan da horrela?
Ez, ez dut kontrasterik edo antzekorik bilatu nahi izan. Liburuaren atalak eta hauen garapena askoz ere modu naturalagoan egin ditut. Poesia, niretzako, zintzotasunetik abiatzen da, “egia” esan beharra dago poemetan –bai, behintzat, nire kasuan–, eta egiek zerikusi oso zuzena daukate sentimenduekin. Nik maitasunaz aritu nahi nuen, ez-lekuan egonda faltan botatzen nituen horien guztienganako sentimenduez, maitasunaz, alegia. Baliteke, atal honetan idatzitako poemetako bat edo bestek irakurlea deseroso-edo sentiaraztea. Ez gaude oso ohituta gure sentimenduak datozen moduan adieraztera, “maite zaitut” bat entzuteak lotsarazi egiten gaitu askotan. Gauzarik ederrenak ere lotsaren iragazgailutik pasatzen dituena ez dabilela ondo iruditzen zait. Nire ustez, bigarren atal honek ere han barruan dituzun sentimenduen sekuentzia logikoari kasu egiten dio: bakardadea, hutsunea… maitasunak baretu egiten ditu.
Azken partea, “Leku posibleak” heterogeneoagoa da; besteetan kabitzen ez ziren gaiak sartu dituzu hor, ala badu hari bat?
Bai, heterogeneoagoa da, baina ez daude hor beste bi ataletan kabitzen ez diren gaiak. Haria utopia da, herri berri baten aldeko utopia, eta utopia horren aldeko konpromisoa, hori da haria. Badira pertsona batzuk amets egin eta ondoren zer amets egin duten gogoratzen ez direnak; badira, ordea, beste batzuk ametsak kontuan hartu eta hauekin konpromisoak hartzen dituztenak. Hauetako asko ezagutzen ditut. Eta arrisku handia daukate horrela aritzen direnek, subertsiboak baitira beti ametsak, eta subertsioarekin konprometitzea deserosoa da dena dagoen moduan utzi nahi duenarentzat. Nire ametsak eta hauekiko nire konpromisoa daude hirugarren atalean, herri berria da utopia, eskura daukaguna.
Musikaltasuna eta beste
Zure poemen ezaugarri bat da oso errezitatzeko edo kantatzeko modukoak direla; baduzu asmorik aurrez aurreko emanaldietarako?
Nire ustez, poema baten ibilbide naturala da kanturako baliatzea. Gauza handia da zuk idatzi duzuna beste norbaiti gustatu eta honek musika jartzea poemari. Borobildu egiten du poema, osotasun bat ematen dio, eta, batez ere, poesiak daukan komunikatzeko gaitasuna biderkatzen du. Musikaren bidez poemak kristoren indarra hartzen du, milaka belarritara iristen da, ehunka sentimendu eta zirrara sortzen ditu, bakoitzari iradokitzen dizkionak. Saiatu naiz idatzi ditudan poemetan hurrengo urrats hori emateko baldintzak ezartzen. Eta bai. Gustuko dut errezitatzea, poesia entzutea. Aurrean esan dudan moduan, poema liburu honen helburuetako bat komunikatzeko beharrari erantzutea izanik, aurrez aurreko emanaldiak oso leku aproposak direla uste dut horretarako. Bai, saiatuko naiz aurrez aurreko zenbait emanaldi egiten; hortik aurrera, ikusiko dugu.
Aurrekoaren ildotik, nabarmenak dira zenbait teknika: paralelismoa, biribiltasuna (hasierak eta itxierak zirkulua osatzea), ahapaldien arteko jokoak… Bilatutako prozedurak dira? Intuizioz topatu dituzun baliabideak…?
Hasiera batean guztiz intuitiboak izan dira idatzi ditudan poema guztiak. Egia da baita ere, behin intuizioari bide egin ondoren, erritmoa eta soinua izan ditudala kontuan. Garrantzi handia eman nahi izan diot ozen irakurtzean poemaren soinuari, letraren kadentziari. Hitzen bidez erraz identifikatzeko moduko irudiak sortzen saiatu naiz paralelismoen eta ahapaldien antolaketen bidez. Nire senak, intuizioak, molde horretan idaztera bultzatzen nau.
Mikel Etxaburu idazlea deskubritu dugu hemen. Idazleen munduan segitzeko asmotan, ala sartu-irten bat izan da hau?
Ezin da jakin. Nik, momentu honetan, “Zu zara orain txoria” daukat esku artean. Hori da dagoena. Honi bide egiten eta bere bidez dibertitzen saiatuko naiz. Bien bitartean idazten jarraitzen dut, ezer argitaratzen ez nuenean bezala, gogoak ematen didalako. Ez dut, ordea, idazleen munduan kokatzen neure burua, nik beste hainbeste mundu ere maite ditut. Idaztea oinarrizko zerbait da niretzat, ez dago beste ezeri lotuta. Eta egunen batean, orain moduan, idatzitakoak eta nire gogoak bat egiten badute, oso posible da hurrengo batean ere nire berri izatea, hala nahi duenak idazten dudana irakurtzen jarrai dezan.
