ONDARROAn, AZKEN 2 LEGEALDIEN BALORAZIOA EGIN DU EZKER ABERTZALEKO UDAL LANTALDEAK

Ezker Abertzalearen aurkako apartheid politika indarrean jarri zenetik, legealdi bi bukatzear daude. Une honetan Ezker Abertzaleak beharrezkoa deritzo, udal ez demokratiko bidez kudeatu den garai hau baloratzea.

Erakundeetatik kanpo uzteko berariaz sortutako lege batek, eta gainerako alderdiek lege hori azkeneraino baliatzeko prestutasunak, proiektu guztiak baldintza berberetan aurkeztea debekatu du. 8 urte Alderdien Legearen aitzakiapean. Ondarroako Udalean milaka ondarrutarren nahia alboratuta, legegintzaldi bi, ia 100 udalbatza, herri borondatea errespetatu gabe, batzorderik gabe, udalbatzak herritik kanpo, kanpotik ekarritako udal ordezkariak. Kudeaketaz haratago, hori da azken urteotako lehen balantzea.

2003-2007 legealdian, ezker abertzaleko sei zinegotziri Udaleko ateak ixtearekin batera, oposiziorik gabeko lehen agintaldiari ekin zion Aitor Marurik. Legealdi hartan hartutako lehenetariko erabakia, Euskal Herritarrok-ek jada martxan zuen frontoi estaliaren proiektua gelditzea izan zen. Bere jokabidea zuritzeko erreferendum bat antolatu zuen, inoiz gauzatuko ez ziren polikiroldegirako hiru proiektu artean aukeratzeko. Gaur da eguna, ez frontoi estalirik ez Marurik agindutako polikiroldegirik ez daukaguna. Aldi berean, legealdiz-legealdi udal funtzionamenduaren atal garrantzitsu izan diren batzordeen desagertzea dakar PNVren agintaldi honek.

2007-2011 legealdian, zaila zirudien arren, egoerak txarrera egiten du. Ezker Abertzaleak herritarren konfiantza osoa jaso arren, PNVk ez du herritarren erabakiarekiko inolako begirunerik erakusten eta gehiengo absolutua duen indar politikoa Udaletik kanporatzeaz gain, kanpotik ekarritako jendeaz ekiten dio agintaldi honi. Aitzitik, udal erabakigunea Ondarrutik kanpo kokatzen du, Udal plenoak Bilbora eramanez edota zinegotzi karguak dituztenen jarduera Ondarrutik kanpo mantenduz. Gestoraren ezaugarri nagusia iruzurra izan da, gutxiengoa gehiengoaren gainetik inposatzera datorrenaren defizitarekin hasi eta lau urte hauetan horrela kudeatu duenarena. Herritarren beharrei begira baino iruzurraren justifikazio bila dabilenaren legealdia izan dugu. Gobernagarritasunaren izenean hartu omen zuen PNVk Gestora eratzeko erabakia. Lau urte hauetan ikusi dugunaren ondotik ostera, erabaki horren atzean gauzak egiteko eredu bat dagoela nabarmen geratu da. EAEko Auzitegi Gorenak Aieriko obren etetea agindu izana izan daiteke Gestoraren “gobernagarritasunaren” erakusle argienetarikoa. Legealdi honetan “distantziatik gobernatzearen eredua” aplikatu nahi izan du PNVk eta argi geratu da hori ezinezkoa dela batik-bat, herritarren eta Udalaren artean ezinbestekoa den harreman naturala ezinezkoa egiten duelako. Gauzak honela, herriarekiko hurbiltasun falta hori, herritarrek, auzotarrek edota herriko taldeek dituzten kezka eta arazoetatik erabat isolatua, zementuan eta enegarrenez altxatu izan diren kaleen (kasu askotan beharrik gabe) obretan baino bukatu ez duten proiektuekin estali nahi izan dute.

2003-2007 legealdian Ezker Abertzalea izan bazen kanporatua 2007-2011an kanporatua herri osoa izan dela esan dezakegu, beti ere legealdi bietan kaltetu nagusia Ezker Abertzalea barik Ondarroako herria izan delarik. Ondarrutarrok ezin dugu aspalditik porrot egin duen kudeaketa eredua pairatzen jarraitu. EAJren alderdi interesak ezin dira herritarren erabaki eta nahien gainetik jarri. Herriko politikagintza errotik astinduko duten jarduera eta egitasmoak ezinbestekoak dira. Iruzurrarena eta bazterketarena ez den argazki bat nahi dugu Ondarroarentzat. Apartheid politikorik ezean gauzak bestela liratekeenaren ziurtasun osoa daukagu.

Arloz-arloko balorazioa irakurtzekoklikatu: arloz-arlo.