Nola aldatzen diren gauzak!

Goiko argazkiak 1933koak dira, eta Ondarroako frontoia agertzen da beraietan. Orduan ere egunerokotasun politikoa oso bizia zen herrian. Karlistek eta EAJk elkarren kontra lehia handia zeukaten, eta hori kaleetan islatzen zen. Tartean, atxilotuak ere egon ziren. Haietako bat izan zen Idiakez gazte jeltzalea. Atxiloketa hori salatzeko EAJk eskura zeuzkan bitarteko guztiak erabili zituen, eta tartean paretak ere margotu zituen. Argazkiak dira horren lekuko, frontoian ‘Idiakez Azkatu’ irakurri daiteke eta.

Kuriosoa da ikustea EAJk paretak margotzen zituela bere ahotsa entzun arazteko, sasoi hartan ez zeukalako beste biderik. Gaur egun, ostera, haien ondorengoek baliabide ekonomiko gehiago eskuratu dituzte, eta bestelako bitarteko garesti eta indartsuago batzuk dauzkate (telebista, irratia…) euren mezua eta propaganda jendearengana eta etxeetara sartzeko. Eta, bien bitartean, jazarri, kriminalizatu eta zigortu egiten dituzte ahotsik ez daukatelako kaleak margotzen dituztenak, eta kaleko margoak ezabatu egiten dituzte ahalik eta arinen. Horretarako erabiltzen duten aitzakia da kaleko margoak zikinak direla, eta herriko ondarea izorratzen dutela. Baina euren asmoa ez da herriko ondarea zaintzea, ahotsik gabekoen mezuak ezabatzea baino. Arin ahaztu zaie, edo ez dute gogoratu nahi, eurek ere margotu zituztela kaleak behin baino gehiagotan.

“¡PNV quien te ha visto, y quien te ve!”. Sasoi batean esaten zen lez, “paredes mudas, como en la dictadura”.

Ba ahotsik gabekoak dauden bitartean beti egongo dira paretak txilixoka!

(Argazki hauek ‘Hondarroa 2010’ urtekarian topatu ditugu).