Euskal Herrian gertatzen ari dena sinestezina eta larria den arren barregura ere sorrarazten du. Hori horrela, kontakizun bat dakart Estatu espainoleko politikagintzari buruz. Ministro, magistratu, epaile, fiskal, polítiko, lehendakari, sailburu, e.a. adarra joten ari zaigu.
Bistan dago ezker abertzaleak azterketarik inoiz ez duela gaindituko. Proiekto polítiko berriarekin ari garan honetan, helburu politikoak lortzeko indarkeriak ez du tokirik izango. Bake atarira eta normalizazio polítikora eramango gaituen eta herriari ilusioa ekarriko dion bideak aurkezten ari gara. Horretarako, Alderdien Legeak jartzen dituen baldintzak ere zehatz-mehatz betetzeko asmoa daukagu, guretzako demokratikoak ez diren arren. Baina gure asmo berri hauek ere ez omen dute balioko. Suspentsoa berriz ere. “Ez da nahikoa” edo “Gutxiegi da”. Zeinek eta PPk, PSOEk, PNVk, Conde Pompidok…, esana.
Abertzale eta ezkertiar bezala agertzen garenoi, bizi osorako etiketa jarri digute. Bizitza normala egiten dugun herritarrak gara, famili, lagun eta gizarte giroan, eta batzuk, garai batean, juztiziarekin izandako zorra kartzelarekin soberan ordaindu genuen. Aginduzko legearen arabera bete beharrei erantzuten diegu, zergak, tasak, e.a., beraz legea bete, nahiz eta eskubiderik izan ez.
Espainiako konstituzioaren arabera herritar guztiok berdinak omen gara legearen aurrean. Esana da bat eta izana bestea, gezurra beraz. Guretariko asko eskubide zibil eta poltikorik gabe daude, proskribatuak gara, non eta jaio ginan herrian bertan. Ez daukagu hitzik egiterik eta ez tokirik. Gure esanak eta egitasmoak oraindik delituak izaten jarraitzen dute, “dena ETA da” tesiarekin. Herri kontzientzia albo batera utzi eta diru kontzientzira aspaldidanik pasatu den Urkulluren alderdi “abertzale” hori da gurí oztoporik gehien ipintzen diguna (ez ditut militante denak zaku berean sartzen) espainol nazionalistekin bat eginda. Baina oztopoak gainditu egin behar izaten direnez, hona hemen ekarpen gisa gure proposamen batzuk, beti ere, gure proiekto hortatik aterako den alderdi politiko berria legalizatua izan dadin:
-
ETA, Batasuna eta Olentzero gauza bera dela askoren ahotan dago, eta gabonak gainean daukagu. Urtean behin menditik herrira jaisten den pipa hortzetan eta txapela buruan duen gizon bizardun horren presentziak terrorismoaren aldeko apologi giroa sor dezake aurten ere: Presoak, amnistía… Hori gerta ez dadin, Olentzero izenez ezagutzen den hori betirako desterratzea proposatzen dugu eta Papa Noel ekarri. Hori bai, txano gorriaren ordez txapel beltza jarriko genioke euskal ukitutxoa izan dezan. Beste aldetik, Miguel Sanzi eta Patxi Lopezi gure elkartasuna adierazi nahi genieke eta horren lekuko eta froga gisa, gabon kantak beraien elebakarreko hizkuntzan kantatzea nahiko genuke, alegia: “Noche de Dios noche de paz”… eta beste honelakoak ere, “Pastores venid pastores llegad adorar al niño”… eta euskarazko denak galerazi.
-
Beste proposamen hau ere dakarkizuegu: Ekialde urbiletik etortzen diren Errege Mago horiekin ez gara batere fidatzen. Herrialde haiek gerran daude, eta horien etorrerak arazoak ekar lizkiguke eta hango gatazka honaino zabaldu, terrorismoa eta haserre diplomatikoak alegia. Hau gerta ez dadin, autoktonoa eta label espainola duen gure erregea bultzatzea da gure nahia. Hori horrela, Espainiako erresumari dagozkion hiru ezaugarri jarriko genituzke kabalgatako gameluetan, eta Meltxor izenaren ordez Juan, Gaspar barik Carlos eta Baltasar izenak Borbon ordezkatuko luke. Hau da: Hiru izen ezberdin baina egiazko errege bakarra. Aita, Semea eta Espiritu Santua bezalaxe.
-
Euskal gazteriari buruz ere badaukagu zerbait esateko. Neska mutil jatorrak diren arren, apurtxo bat inkontrolatu, inkonformista, erreboltari eta geraezinak dira, beraz, geu arduratuko ginateke Ertzaintzaren laguntzaz hauen jarrera antidemokratikoak aldatzeko. Ez diegu utziko terrorismoa goraipatzen duen oihurik aldarrikatzen, “Gora ETA militarra” alegia, eta intsumisioarekin zer ikusia izan zezakeen “Behera korneta militarra” oihua soilik onartuko dugu, doinu, neurri eta onomatopeia berdina izango lukeen arren.
-
Espainiako apezpikuen arduradun nagusia den Rouco Varela kardinalarekin batzartzekotan gaude. Idatzi bidez eskatu diogu hitzordua. Madrilen izango da. Ezker abertzaleak bere gain hartzen ditu bere ibilbide luzean egindako pekatu guztiak eta parkatzeko eskatuko diogu herriaren eta bakearen izenean. Aitortuko diogu baita ere inoiz ez dugula kantatuko “Eusko gudariak” abestia, eta honen ordez, penitentzia gisa, beste hau izango dela gure manifestazio, konzentrazio eta mitinetan kantatuko duguna; “Damutzen gara bihotz guztitik zeu ofenditu izana, ez, ez, gehiago pekaturikan ene Espainia laztana”.. Horrela, lehen mailako biktimekin daukagun zorra ordainduta geratuko da. Dena den, Josafateko zelaian ikusiko dugu elkar.
-
Honako beste proposamen hau ere bururatu zaigu. Argi esan nahi dugu, egun, polizia espainiola Espainian dagoenik onena dela. Atxiloketak daudenean profesionaltasun osoz aritzeaz gain %100go eraginkortasuna dutela ere frogatuta dago. Atxilotuek inolako presiorik gabe eta euren borondatez abesti guztiak kantatzen dituzte komisaldegian, “Antero txamarrotia..” ere bai. Inola ere ez dugu onartuko tratu txarrik ematen zaienik. Hori zalantzan jartzen duena gure alderditik kanporatua izango da.
-
Hezkuntzak oso garrantzia handia du herri honen etorkizunean. Ikastolen egungo filosofia zeharo aldatu behar dela ikusten dugu. Lehenik Espainiako “Formación del Espíritu Nacional” delakoa irakatsi behar zaie. Nork nori nor aditzak eta deklinabide guztiak gaztelaniaz eta ingelesez soilik ikastea proposatzen dugu. Euskara ordea, umetxoei, etxeko maskotei eta baserriko aberei zuzentzeko erabiliko da bakarrik.
Beraz, oso errespetagarriak eta gehienok txit-gorenak zareten, Urkullu (bozeramailea), Conde Pompido, Zapatero, Rajoy, Patxi Lopez, Basagoiti, Rubalcaba, Ares, Rouco Varela…, jaunoi, zer iduritzen zaizkizue gure proposamen hauek?
— Positibotzat jotzen dugu zuen ekarpen horiek, bide onetik zoaztela agerian dago, urbiltzen ari zarete guregana, segi horrela…. Baina ez da nahikoa.
Badakizue zer esaten dizueten, supositorioen kokalekutik hartzera joan zaitezela denok.
— Aski da! Nahikoa da! Gehiegi da!
Eskerrik asko. Hau da poza, oraingoan gainditu dugu aztereketa. Legalizatuak izango gara. Miraria! Miraria!…… Kontakizun guzti hau atzo gauez egin nuen ametsa izan da. Zati bat egia eta bestea ironia. Nik ez dut kulparik. Aipatuei ere agian gustatuko zaie.
Pello Aramaio Etxaburu (Euskal Preso ohia)
