“HARTU BERBI” herri ekimena martxan

Ilegalizazioen garaia hasi eta 2003-2007 legealdian Ezker Abertzalea izan zen kanporatua.  2007-2011an, ordea,  kanporatua herri osoa izan dela esan dezakegu, beti ere legealdi bietan kaltetu nagusia Ezker Abertzalea barik Ondarroako herria izan delarik.

Horregatik,  bazterketa politikoaren etena eta udal funtzionamenduan iraulketa eragitea beharrezko da, azken bi legealdiok, Ondarroan izan duten ondorioak ikusita.

Ezker Abertzaleak aukera politiko guztiak ordezkatuak izango diren Udaletxea nahi du Ondarroarentzat. Are gehiago, indar politikoetaz harago, herri sektore guztiak udalaren parte aktibu bilakatu behar direla uste dugu, horretarako beharrezkoak diren baliabide guztiak ezarriz.

2011ko maiatzean burutuko diren udal hauteskundeen hurbiltasuna dela eta ezker abertzalea ideia berriekin, lanari ekiteko gogoz eta ilusioz eta herritarrekin landutako Herri Programa batekin aurkeztuko dela jakin arazi nahi dugu. Jada abian dugun HARTU BERBI, Herri Programa lantzeko diseinatu berri dugun kanpainarekin, herritarrekin batera landutako Herri Programa adostea dugu helburu.

Iza ere, HARTU BERBI herritarrak eta harremanak oinarri dituen ekimena da. Kultura, kirola, emakume, gazteria, 3.adina, hezkuntza, euskera, hirigintza, demokrazia parte hartzailea, ingurumena, soziolaborala, etorkinak, ongizatea, auzoak eta denbora librea esparruetan sailkatuta dauden 1000 herritar inguru bildu nahi dituen harreman dinamika da. Arloz-arlo jendearen ekarpenak jasoko ditu urtarrila-otsailerarteko lehen fase batean, urtarrila-otsailean mintegi eta jardunaldiak burutuko dira ekarpenen eztabaida eta sintesirako eta azken fase batean Herri Programan jasoko denaren zehaztasunak egingo dira.

Beraz, zeuk be hartu berbi!