EMAKUMEEN KONTRAKO ERASOEN AURREAN MOBILIZATU

Ondarroako ezker abertzaleak gogor salatzen du asteburu honetan emakume batek jasan duen indarkeria sexista. Agerian gelditu da, datu estatistikoen gainetik, emakumeon kontrako indarkeria sexista, egunekotasunean bizi dugun arazoa dela. 2010ean beraien bikote edo bikote-ohien eskuestan hil diren 6 emakumeen atzean, hainbat emakume zapaldu daude; beraien bizitza zapuztuta tratu txarrak modu sistematikoan jasotzen dituztenak.

Emakumeok indarkeri sexistarik gabe bizitzeko eskubidea dugu. Nahiz eta, emakumeon eskubideak ofizialki errekonozituak izan, errealitatean urratzen direnaren adibideak ugari dira. Berdintasun formalaren garaian gauden honetan, eskubideen jabekuntzaren auzian dauden hutsuneak agerian utzi behar ditugu.

Euskal Herrian garai berriak datozela esan arren, euskal emakumeon egoera bere horretan mantentzen da. Emakumeok sufritzen dugun indarkeria, patriarkatuaren oinarrituta dagoen botere erlazioen adierazle latzena da. Indarkeria hori, emakumeok jendartean sufritzen dugun gutxiestetik eratortzen da eta egiturazko arazoa izanik, jendartearen eraldaketa sozialean aurkitzen da bere gaindipenerako gakoa.

Ezinbestekoa da beraz, emakume eta gizonezkoen arteko parekidetasuna aldarrikapen hutsaletatik aldenduz, barneratzen eta gauzatzen den konpromisoa izatera pasatzea.

Euskal Herrian aldaketa politiko eta soziala gauzatzeko prozesuaren garapenak jauzi berri eta kualitatibo bat ekarriko du gure herriaren askapen prozesuan. Emakumeok aldaketaren eragile eta aldaketan eragin beharra dugu, emakumeon kontrako indarkeriari aurre egitea ezinbestekoa baita.

Hori dela eta, Ezker Abertzaleak bihar AZAROAK 24 arratsaldeko 7:30ean Alamedan Berdintasun Kontseiluak  egingo duen konzentraziora dei egiten du, herrian izan dugun azken eraso hau salatzeko.

Beraz, indarkeri sexistari aurre egiteko denon konpromisoa ezinbestekoa da. Kalera atera gaitezen!!! Emakumeon aurkako eraso gehiagorik ez!!! Emakumeon borroka aurrera!!!