AIERI: BILAKAERA GAUR EGUNGO EGOERARTE


Plana berezia egiten duten ezaugarriak edo Berezia duen Plana
Ondarroako herri lurzoruaren baitan, etxebizitzen eraikuntzara bideraturiko eremu guztien artean, Aierikoa dugu eremurik garrantzitsuena eta bereziena ezbairik gabe, bai hedaduraz handiena eta baita ingurumen balio handiko baldintzak dituelako.
Beraz, egungo garapen ereduaren baitan talka handiena sortzen duten bi faktore nagusiak aurkitzen dira aurrez aurre bertan, hirigintza eta ingurumena eremu berberaren baitan. Bat edo bestea, zein lehenetsi da beraz eztabaida eta horretarako derrigorrrezkoa da ikuspegi bakoitzak aurkezten dituen beharren azterketa zehatz, sakon eta garden bat, edozein erabaki zentzu batean edo bestean hartu aurretik, eta ez momentuan momentuko “koiuntura” edo interesen arabera.
-Aieriko eremua ezaugarritzen duten berezitasunak eta eraginak
Bai EAEko Hezeguneen Arlokako Planak eta baita Europako Natura 2000 Sareak ere aitortu duten balio handiko itsasertzeko hezegunea da Aierikoa.
Euskal Herriko itsasertzean hezeguneak gutxi dira eta gainera oso murriztuak daude XX. mendeko giza presio “urbanistikoa”ren eraginez. Ekosistema mota hau desagertzeko arriskuan dauden hainbat espezieren bizileku dugu eta horien artean ezagunena europear bisoia edo…………., betiko desagertzeko arrisku larrian.
Hezegunearen funtzio ekologikoa ez da bizitoki izatera mugatzen, baizik eta hiri garapenerako arriskutsuak diren uholde arriskuen aurrean, ur emari erregulatzaile funtzioa garrantzitsua ere badauka.
Aieriko gunea hiri lurzoru izendatu zenetik 1993ko Arau Subsidiarioetan, nahiz eta 1997 urterarte ez zen izan behin betikoz onartua, Ondarroako herri barruan 300 bat etxebizitza berri eraiki edo bideratu dira horretarako egindako hainbat Arau aldaketen bidez. Ezker abertzaleak aldaketa horien artean bultzatutakoa dugu 164 etxebizitzen erdia babesekoa diren Kamiñalde-Iturribarriko proiektua, PNVk behin eta berriz azaldutako kontrako iritziaren gainetik. Hain zuzen, etxebizitza babestu eta tasatu hauek dira Ondarroan azken 15 urteotan garatutako bakarrak.
Egun 500 inguru etxebizitza huts dauzkagu herrian bertan, horietatik 40 Udalaren esku daudelarik Kaminalde-Iturribarrin, eta ehundik gora eraikitzeke Antzosolo, Zaldunbide edo eta Kaminazpin adibide batzuk aipatzearren.
Ezin da albo batera laga, Ondarroako iharduera nagusia den arrantzaren gainbeheraren eraginez azken bi hamarkadetan herriko erroldan izan dugun %20ko beherakada, ia 11.000 biztanle izatetik 9.000 baino gutxiago izatera pasa izana.
Guzti hori kontutan izanda, ezin da inola ere justifikatu eta are gutxiago ulertu zergatik diharduten hain temati PNVko udal ordezkari eta Gestorakoek Ondarroan geratzen den azken hezegune eremua eta landa lur lau bakarra hiritartzeko asmoaz.
Gauzak horrela, 2007ko apirilean udal hauteskunde ataritan, PNVk Aitor Maruri alkate zuela Aierirako Plan Bereziaren Aurrerapena onartu zuen, ez informazio ez eta eztabaidarako aukera izpirik eman gabe, propaganda hutsera mugatuz. Ezker abertzaleak ondarrutarren artean Aierin etxebitzak eraikitzearen aukeraren inguruko herri inkestaren emaitza jasoaz, eremuak bere etxebizitza sozialen lur erreserba izaerari eutsiz jarraitzea eta soilik beharrezko izatekotan garatzea jarri zuen udal hauteskundeetara herri programan.
Apartheid politikoaren ondoriozko hauteskunde ez demokratikoen ondoren, Ondarroako herriak emandako hitza eta erabakiaren kontra, PNVk egungo udal Gestora osatu zuen, Aieriko 500 etxebizitza gauzatzea ikur izango zutea berehala aitortu zutelarik.
Bitartean, Plan Bereziaren Aurrerapenari hainbat talde ekologistek ezarritako alegazio eta salaketei inongo jaramonik edo eta erantzunik eman gabe, aurrera jarraitu zuen Gestorak Plana gauzatzeko asmoekin. Eta horrela egin zuten, izan ere 2009ko apirilean herritik kanpo egindako plenoan Plan Berezia hasieraz onartu ondoren jendaurrean jarri zuten arte, alegazioak tartekatzeko aukera bakarrik zabalduz talde, eragile eta heritarrei. Baina hauek ere alferrikakoak izan ziren, Gestorakoek “zazpi bakarrik” tartekatu zirela arbuiatuz, mespresuz eta haundikeriz hartu zituzten ordurako alde zaharreko Plan Bereziaren aurkako 2600 alegazio jasoak bait zituzten.
Aurtengo apirilean behin betikoz onartu ostean, bestelako aukerarik gabe, epaitegietara jotzera behartuak izan dira herriko talde eta eragileak beraien salaketa eta eskaerak entzunarazteko. Eta bai entzun ere, epaitegian alegazio eta salaketetan behin eta berriz adierazitakoei jaramon eginez, Plan Berezia badaezpadako etenaldian ezartzea erabaki bait da are eta azken epaia eman bitartean.
Epai erabakiak argi utzi duena da alde batetik, PNV-k bai alkatetzan zegoenean eta bai orain Gestoraren bitartez, Aieriko eremuan espekulazio eta ikaragarrizko eraikuntza garapen aukera galtzen usteko ez daudela prest. Nahiz eta jakitun izan garapen urbanistiko horretarako oinarri dituzten Ondarroako udal plangintzarako Arau Subsidiarioak Aieriko padura eta bere inguruak babesten dituen EAEko Arlokako Planera egokitzeko 3 urteko epea justu 2007an bukatua zela zentsu horretan inolako pausurik eman gabe jarraituz, eta gainera arauak berak automatikoki berrikusteko 8 urteko epea jada 2005ean betea zela, Gestorkoek hartutako erabakien larritasuna eta arduragabekeria nabari uzten dute.
Eta bestaldetik, PNVren eredu “desarrollista”, espekulatzailea eta herriari bizkarra emanez azken hamarkadatan garatu dutena Ondarroan jasangaitza dela, beraien eskutik herrian egindako etxebizitza proiektu guztietan 0 etxebizitza babestu edo sozial bultzatuz, are eta gehiago, ezker abertzaleak bultzatzen saiatu edo gauzatu dituen guztien kontra azaldu eta bozkatuz beti, Kaminalde-Iturribarriko etxebizitzen kasuan bezala.
Ondorioz, orain berriz ez da sinesgarria PNVk bapatean Aierin etxebizitza garapen ikaragarri honen bultzada herriaren beharrei erantzunaz eman izana. Gehiago dirudi eraikuntzaren inguruan sortutako krisi ekonomikoaren “kaltetuak” izan diren eraikitzaile enpresa handien interesei erantzun beharrean aurkitzen dela benetan aitortu ezinezko arrazoia. Are nabariago, Aieriko Plan Bereziak aurreikusten dituen 85.000.000€tako kostua diru iturri publikoen bidez gauzatzeko asmoa dela kontutan izaten badugu.