
Uztailean hasi eta urrian bukatzea aurreikusten den Udalbiltzaren kontrako epaiketa dela eta, orain hilabete batzuk osatu zen Ondarroan Udalbiltza Sarea. Auzipetuei, bereziki hain hurbilak ditugun Loren Arkotxa, Ondarroako Alkate izandakoari eta Maribi Ugarteburu, Amorotoko alkatea izandakoari, herriaren elkartasuna adierazteko eta Entzutegi Nazionalean burutzen ari den epaiketa horren zentzugabetasuna adierazteko, hainbat ekimen antolatu dira.
Besteak beste, Ondarroako udalean eta alderdi ezberdinetan aritutako hainbat kidek, herrian elkarbizitzan diren sentsibilitateak ordezkatu ez, baina bai adierazi egiten duten pertsonak euren burua aurkezten dute, elkarrekin egindako argazkian, publikoki auzipetuei euren elkartasuna adierazteko.
Argazkian agertzen direnak –parentesi artean, zein alderdiaren ordezkari izan ziren zinegotzi edo alkate-: Karmele Antxustegi (EA), Eladino Gonzalez (EE), Aitor Maruri (EAJ-PNV), Trini Arrizabalaga(Ezker Abertzalea), Roberto Garcia (EAJ-PNV), Unai Urruzuno (Ezker Abertzalea), Guruzne Osa (EA), Jon Arrizabalaga (LKI) eta Txomin Letamendi (LKI)
Era berean, EA, EAJ-PNV, EE, Ezker Abertzalea, LKI eta Zutik alderdien izenean Udalean zinegotzi lanetan aritutako 44 lagunek “LORENEKIN ELKARTASUNA” deituriko manifestua sinatu dute. Sinatzaileek, auzipetuei elkartasuna adierazi eta epaiketaren zentzugabetasuna konstatatzeaz gain, Ondarroako udalak 1999. urtean Udalbiltza erakundetzearen alde egindako apustuaren aukera berresten dute, “borondate demokratikoaren batura eta eskubide zibil eta politikoen bermerako tresna legez jaio zen Udalbiltza”ren aldeko apustuarekin eginez.
Hurrengo asteetan burutuko diren ekimenetarako deia ere egiten du Udalbiltza Sareak honen bidez:
Irailaren 26an, eguerdiko 12:30etan, MANIFESTAZIO IXILA, Zubi Barritik Alamedaraino.
Irailaren 29an, gaueko 10:00etatik, 10:15etara, POTO HOTSA, etexeetako balkoietatik.
Irailaren 29an, 30ean eta urriaren 1ean, KONTZENTRAZIOAK eta epaiketari buruzko INFORMAZIOA, iluntzeko 20:00etan Alamedan
Aurrerago epaiketaren inguruan suerta daitezkeen gorabeheren arabera, beste ekimen batzuk ere jarriko dira martxan.