
Bere sostengu guztia adierazi dio Ezker Abertzaleak Eneko Etxabururi. Gazte eta independetista delako 6 urteko espetxealdia betearizoko dio Espainiako “justiziak´´.
Horren aurrean gaur Irailak 20, herriko jende multzo batek bere elkartasuna adierazi dio. Hauxe izan da Ezker Abertzaleak egindako irakurketa:
“Ondarroako Ezker Abertzaleak, datorren osteguna irailak 23an espetxeratua izango den Eneko Etxabururi bere elkartasunik sentikorrena adierazi nahi dio. Espainiar Polizia Nazionalaren esku egondako gau eta egunetan, komisarian, torturaz baliatuz ateratako deklarazioak izango dira kasu honetan ere espetxeratzeko bitarteko eta harritzekoa bada ere Segikoa izate hutsa sei urtetako kartzela zigorra balioko dion kausa.
30 urte beteak dituen Segi erakundearen ikurrak militantzia, entrega eta borroka izan dira, beraz gaurkoan Enekori elkartasuna adierazteaz gain Euskal Herriaren aldeko borrokan, gazteriak egindako ekarpena onartu eta eskertu nahi dugu, aipatu baloreak aldarri izan, lehen bezala aurrerantzean ere horiexek izango baitira askatasuna lortzeko balio sendoenak. “iraultza baten zainak kolore gorriz, iraganeko zubi eta geroaren iturri…” horra hor 30 urtez Jarrai, Haika eta Segi.
Iharduera horrek espetxeratuko du Eneko, antolakuntzarako gaitasunak, ilusioak eraberritzeak, eskerga militanteak, bestelako aurpegi bat ere ezagutu behar izan duelako ezinbestean, etsaiaren jopuntuan etengabean egotearen aurpegia.
Lan politikoa bortizki erasotzen duenak berak ateratzen du demokrazia honen argazkirik zehatzena, eskubideak bahitu eta hitza ixilarazten duenak berak nabarmenduko ditu demokrazia honen alderik ilunenak eta etorkizuna kartzelez eta errepresioz erein nahi duenak, gero eta argiago ikus dezakegun demokrazia honen argazki lausotua baino aurkeztu ezingo du .
2010. urte hau bereziki gogorra izaten ari da ondarrutarrontzat, urte hasieran pairatu behar izan genuen erasoalditik, orain Enekoren espetxeratzea dator, Loren urteetan herriko alkate izandakoa Audientzia Nazionalean epaitzen ari diren bitartean. Testuinguru honetan, Estatuak ezein Prozesu Demokratiko zapuzteko erabakiaren erdigunean egin beharko diogu aurre independentziaren bidean marraztu berri dugun bideari. Izan ere, espainiar estatuak ez du inoiz “soilik bide politiko eta baketsuen” aldeko hauturik egingo.
Estrategia politikoaren berdefinizioa egin dugu, “Zutik Euskal Herria” ebazpenak mugimendu anitz eragin ditu, Bruselako Adierazpenak Euskal Herria munduan dagokion oiartzunaz eta lekuan jarri du eta Euskadi Ta Askatasunak argi hitz egiteaz gain oztopoak non dauden agerian utzi du. Honakoa da Ezker Abertzaleak hautatu duena, unilateralki baina ez gaitezen nahastu, aldebakarkortasunez erabakiak hartzeak, ez ditu gainontzeko eragileak dagozkien arduretatik kanpo uzten. Salbuespen egoera gaindituko duten gutxiengoak adosteaz, independentziaren aldeko mugimendua sendotzeaz eta eratzeaz, marko demokratikoa egikaritzeaz ari garenean, Estatuaren urduritasuna nabaria da eta ondo ikasi dugu urteetan urduritasunetik zer eratorri den. Beraz, antolakuntzarako eta borrokarako garaiak izaten jarraitzen dute honakook. Enekori, senide eta lagunei gure babes eta elkartasunik beroenak eskaintzeaz batera gaurkoan era berezian helarazi nahi dugun mezua hau da: antolakuntza eta borroka. Irabaziko dugu!
GORA EUSKAL HERRIA ASKATUTA!
GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA!
GORA SEGI!
GORA ENEKO!”