UDALBILTZAREN KONTRAKO EPAIKETAREN BIGARREN ZATIA IRAGARRI DUTE HURRENGO EGUNETARAKO
Mobilizazioak iragarri ditu Udalbiltza sareak Ondarroan
Urriaren 13an hasi eta urriaren erdialdera arte luzatuko dira saioak Auzitegi Nazionalean
Espainiako Auzitegi Nazionalak Udalbiltzako 22 ordezkari eta langileren aurka abiatutako epaiketa dela eta, Ondarroako Udalbiltza Sareak berriro auzipetuei elkartasuna adierazteko ekitaldiak iragarri ditu hurrengo egunetarako.
Loren Arkotxa eta beste 21 inplikatuen kontrako epaiketaren bigarren zatiari ekingo diote irailaren 13an, 14an, 15ean, 29an 30ean eta urriaren 1ean. Urriaren erdialderako aurreikusten da konklusioetarako azken saioa. Auzian, 22 pertsonek 10 eta 23 urte bitarteko espetxe zigor eskaerei egin behar diote aurre. Horietarik gehienak udal hautetsi ohiak dira eta akusazioek (fiskala eta “Dignidad y Justicia” elkartea), jasotzen dituzten jardueretan Euskal Herriko edozein udaletxek bultzatzen dituen egitasmoak baino ez daude, bai kultur, hezkuntza, hizkuntza, kirola, garapen ekonomiko edo antzeko arloetan.
Ondarroako Udalbiltza Sareak uztailean adierazi zuenez, Loren Arkotxa eta beste auzipetuei leporatzen zaizkien delituak, eurei zegokien lan instituzionala burutzearen ondorioa dira. “Lan instituzional hori, izaera publiko eta demokratikoa duena, epaitu eta zigortu nahi dute egin, inolako funts juridikorik gabe. Eta udal hautetsi zein hautetsi ohi, zein herritar arrunta garen heinean, ezin dugu hori beste barik onartu. Bai, ordea, salatu”, gaineratu zuten.
Udalbiltza sareak, herritarrei dei egin die hurrengo asteotarako iragartzen diren mobilizazioetan parte har dezaten. Epaiketak uda aldian izandako etenaldiaren ondoren ekimen berriak antolatu ditu irailaren 13an hasita.
Poto-hotsa eta informazioa emateko kontzentrazioak
Besteak beste, epaiketa berriro hasten den egunerako (hilaren 13rako) iragarri dute poto-hotsa edo burrundada ekimena izango da mobilizazioetan lehena, aurrekoan bezala. Gaueko 22:00etan hasi eta 22:15etara luzatuko da eta etxebizitzetako balkoi guztietatik etxetresna ezberdinak erabiliz “Madriletik ere entzungo den poto-hotsa ikaragarria sortu behar dugu” diote antolatzaileek. Ekitaldi honen hasiera eta bukaera momentuak bolandera batek iragarriko ditu.
Bestalde, epaiketa egunetako (14 eta 15) 20:00etan kontzentrazioak deitu dituzte, Alamedan, eta bertan epaiketaren egunerokotasunaren berri emango dute.
Epaiketak egingo duen astebeteko etenaldiaren ondoren berriro iragarriko dira mobilizazio berriak, besteak beste hilaren 26an egingo den manifestazio ixila, Zubi Barritik abiatu eta Alamedaraino.
Ondarroako Udalbiltza sareak mobilizazio hauetan zein Nazional mailan antola daitezkeenetan parte hartzera deitzen ditu herritar guztiak.