Felix Aranbarrik onartu berri duen dekretuak 2010eko Andramaixak kolokan jarri dituen arren, bera oporretan egon denez, ostegunera arte -uztailak 29- ez da gurekin batzartzeko prest agertu, eguerdiko ordu bat eta erdietan. Geure ekimenez, herriko jaietan inplikatuta gauden taldeon ordezkaritza zabal batek Joseba Ander Rosales eta Ibon Aranbarri gestorako kideekin biltzea lortu genuen astelehenean -uztailak 26-, ez soilik Jai Batzordekoak, baita udalaren jai egitarauan parte hartzen duten zenbait talde ere, Aurrera Txirrindu Taldea eta Txomin Agirreko danborradaren antolatzaileak, besteak beste. Azken hauek argi utzi zuten, jaietako egitaraua ziurtasun gutxiengo batekin aurrera eramateko bermerik ez badugu lortzen, eta horren ondorioz jaietako egitaraua bertan behera uztea erabaki beharrean aurkitzen bagara, eurek ere ez dutela aurten danborradarik antolatuko. Orokorrean, Jai Batzordean parte hartzen ez duten taldeen babesa sentitu genuen, eta benetan eskertzen diegu. Bilera horretan bospasei tabernari ere egon ziren. Rosales eta Aranbarriren esanetan eurek erabakirik hartzeko gaitasunik ez zeukaten, eta gure eskakizunak bildu eta Felixengana bideratzera mugatuko ziren.
Jai Batzordearen ustez, arazoari konpontzeko erarik logiko eta errazena gestorak berak dekretu hori bertan behera uztea da. Dekretu hau onartezina da, bere edukiarengatik, egin den erarengatik eta batez ere, onartu den momentuarengatik. Eta aurtengoz, Kafeko Atzea, txosna gune bezala frogatzeko prest geundela adieraziz, gainontzeko puntuak bertan behera uztea eskatu genien.
Uztailaren 29an, osteguna, Felix Aranbarri eta Jose Luis Garayrekin -gestorakidea- bildu ginen. Bilera hasi aurretik, beltzen bi furgoneta eta kotxe patruila bat ailegatu eta inolako arrazoirik eskaini gabe, Plaza Musikatik atera gintuzten, era bortitzean. Felixekin bilera hitzartuta genuela azaltzen saiatu ginen, baina alferrik. Kafe Antzokiko aurrean gelditu ginen Felixen deiaren zain. Ez zigunez deitzen geuk deitu genion, eta gure asmoa bospasei ordezkari joatea bazen ere, Felixen aginduz hiru lagunek baino ezin izan genuen ertzain beltzen hesia zeharkatu: Jai Batzordeko ordezkariak, Txosna Batzordeko ordezkariak eta tabernari batek.
Udaletxe barruan, Aranbarrik eta Garayk beherapenak eskaini zizkiguten: elikagaien erabiltzaile txartel bakarra eskatuko dute, txosna guztientzat aseguru bakarra, ez du garbitasuneko inspektorerik bidaliko, Plaza Gaineko kasuan beste alde batera begiratuko du eraikin batera itsatsita egon arren, eta ez du txosnarik zarratuko Jai Batzordeko ekintzen arduradunen izenik ematen ez badiogu ere. Euren adierazpenetatik ondoriozta dezakegunez, dekretua paper buztia da. Orduan, zergatik onartu dute, aplikatu ezin duten dekretu bat? Zehaztapen hauek dekretuaren gehigarri bezala sartzea eskatu genion, baina ukatu egin zen. Beraz, ea bere berbarekin fidatzea beste bermerik ez genuen galdetu genion, eta hala baieztatu zigun. Bere proposamena Jai eta Txosna batzordeetan aztertu eta biharamunean biltzea proposatu genion, baina gure eskakizunari uko egin eta txosnen baimenak astelehenerako aurkeztea iradoki zigun.
Bilera agurtzerakoan, hurrengo bileran ertzainei ez deitzea eskatu genion, eta gure harridurarako, oraindik Plaza Musika zeuden beltzak ez zituela berak deitu adierazi zigun. Nork deitu zituen ba? Guk ez behintzat. Polizia Felixekin batzarra genuelako etorri zen eta, berak ez zekien ezer? Beharbada okerrago: ez zuen ezer egin, bere esanetan bere baimenik gabe Musika Plaza eta herriko beste hainbat leku okupatzen zuten ertzainei ospa egitea exigitzeko. Nola fidatuko gara era honetako jokabideak dituen pertsona baten berbarekin, bere anbiguetatearen helburua, eraso polizial baten aurrean ateak zabalik mantentzea dela jakinda?
Batzar luze baten ostean, ostegun arratsaldean jaiak bertan behera uztekotan egon ginen. Aurtengoa, Herrittarron Andramaixak antolatzen dugun bosgarren urtea izatea nahi dugu. Aurreko urteetan bezala, udal dirulaguntzarik gabe eta musutruk lan egiteko prest gaude, baliabideak geure kabuz lortu eta Ondarroako jaiak aberasteko xedearekin. Zentzu honetan, argi utzi nahi dugu herritar xume legez, gogoa bai baina ez daukagula herriko jaiak antolatzeko inolako derrigortasunik, are gutxiago herriko jaiak antolatzearen trukean eskaintzen digutena oztopoak, mehatxuak, makilakadak, atxiloketak, isunak eta epaiketak badira. Une honetan jaiak salbatzeko modu bakarra Felixeri bere berba betetzea exigitzea dela iruditzen zaigu. Horretarako norbanakoen sinadura eta herriko kultur elkarte, ostalari eta merkatarien atxekimendu bilketa bat hasiko dugu herri mailan. Emaitzak aztertu ostean asteleheneko prentsaurrekoan -abuztuak 2- jakinaraziko dugu gure erabakia, Alamedan, arratsaldeko 8:30etan.

Hauxe gaztiau latxeik, Andramaixak be kolokan daz.