Felix, laga Andramaxak bakin

Andra Mari Jaiak une kritiko batean aurkitzen dira, udal gestorak uztailaren 19an plazaratu zuen dekretuaren ondorioz. Esan beharrik ez dago, jaiak herritik eta herritarrengandik sortu izan direla beti. Hala ere, herritarron nahiak eta agintarienak ez dira beti bat etortzen. Ondarroan bertan, udalak orain dela lau urte desagertarazi zuen Jai Batzordea, eta harrez gero herritarrok hartu behar izan dugu batzorde hau martxan jarri eta dinamizatzeko ardura. Lau urte hauetan zehar Jai Batzordean, talde bakoitzak antolatzen dituen ekintzak koordinatzeaz gain, herritar guztiei begirako egitarau bat osotzen saiatu gara, zeuden gabeziak betetzen (antzarrak, esaterako) eta ekimen berriak bultzatzen (bolei txapelketa, adibidez). Horretan aritu gara eta horretan aritzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Baina aurten gure dinamika aurrera eramateko oztopo latz batekin topo egin dugu: Felix Aranbarrik onartu duen dekretua.
Dekretu honen arabera, besteak beste:
Udalak erabakitzen du txosnen kokalekua.
Jai ekintza bakoitzarentzat arduradun bana izendatu behar da, “momentu oro erraz aurkitzeko moduan” egon beharko dena. Guztira 30 arduradun inguru.
Ekainaren 19ko 4/2009 Legeko artikuluak xedatutako bete behar da (presoen argazkiak debekatuta)
Txosnen titular bakoitzak 300.000 eurorainoko erantzukizun zibileko estaldura duen poliza bana ordaindu beharko du.
“Eskatzaileak erabiliko diren material eta instalazioen ardura hartuko du, bai eta horiek dagokien segurtasun eta garbitasun bermeak izan dezaten”.
“Txosnetan janariak eskainiko badira, erabiltzaileek janari erabiltzaile txartela izan beharko dute”.
Baldintza hauetariko bakar bat bete ezean, udalak txosna bat edo gehiago zarratzea agindu dezake. Beraz, gestoraren helburua ez da txosnek baldintza hauek betetzea, baizik eta txosnek bete ezin dituzten baldintzak jartzea, txosnen -eta ondorioz, jaien- aurkako erasoari ateak zabaltzeko. Adibidez, argi dago, teknikoki ezinezkoa dela bi asteko epean ehundaka lagunek janari erabiltzaile txartela ateratzea, eta gainera 35 urteko esperientziak erakutsi digu –Plaza Gainean, adibidez, milaka lagunek jaten dute urtero- halako edo holako txartel bat baino garrantzitsuagoa dela gauzak artez eta zentzuz egitea.
Edukiaz gain, dekretu hau nola onartu den eta nola helarazi den aztertzea argigarria izan daiteke. Ostiralean (uztailak 16) “El Correo Español”ek udal gestorak filtratutako berria argitaratu ostean, herriko taldeok astelehenean jakin genuen, bando bidez, udaletxera hurbildu behar ginela dekretuaren nondik norakoak ezagutzeko. Eta gogorrena: udal kudeaketa batzordeko burua eta idazkaria dekretua argitaratu eta segidan, oporretara joan dira. Nork argituko dizkigu orduan, dekretuaren inguruan sorturiko kezkak? Norekin adostu behar dugu adostu beharrekoa herriko jaiak urtero bezala aurrera jarrai dezaten? Zer gertatuko da, baldintzak bete ezinean, udalburuak ertzainei txosnak zarratzea agintzen badie?
Guk, Jai Batzordetik, urtero bezala jaiak antolatzeko gogoz eta irrikitan gaude, baina une honetan hori betetzea ez dago soilik gure esku. Arazo larri honi irtenbide bat bilatu nahian bere oporrak moztu eta Ondarroara itzultzeko eskatu diogu Felix Aranbarriri, beranduegi izan baino lehen, datorren asteartean gurekin biltzeko. Besterik gabe, eta jaiak urtero bezala gozatzeko aukera izango dugun itxaropenarekin, Gora Andramaixak!!!

HERRITTARRON ANDRAMAIXEN JAI BATZORDEA