Felix Aranbarrik onartu berri duen dekretuak 2010eko Andramaixak kolokan jarri dituen arren, bera oporretan egon denez, ostegunera arte -uztailak 29- ez da gurekin batzartzeko prest agertu, eguerdiko ordu bat eta erdietan. Geure ekimenez, herriko jaietan inplikatuta gauden taldeon ordezkaritza zabal batek Joseba Ander Rosales eta Ibon Aranbarri gestorako kideekin biltzea lortu genuen astelehenean -uztailak 26-, ez soilik Jai Batzordekoak, baita udalaren jai egitarauan parte hartzen duten zenbait talde ere, Aurrera Txirrindu Taldea eta Txomin Agirreko danborradaren antolatzaileak, besteak beste. Azken hauek argi utzi zuten, jaietako egitaraua ziurtasun gutxiengo batekin aurrera eramateko bermerik ez badugu lortzen, eta horren ondorioz jaietako egitaraua bertan behera uztea erabaki beharrean aurkitzen bagara, eurek ere ez dutela aurten danborradarik antolatuko. Orokorrean, Jai Batzordean parte hartzen ez duten taldeen babesa sentitu genuen, eta benetan eskertzen diegu. Bilera horretan bospasei tabernari ere egon ziren. Rosales eta Aranbarriren esanetan eurek erabakirik hartzeko gaitasunik ez zeukaten, eta gure eskakizunak bildu eta Felixengana bideratzera mugatuko ziren.
Jai Batzordearen ustez, arazoari konpontzeko erarik logiko eta errazena gestorak berak dekretu hori bertan behera uztea da. Dekretu hau onartezina da, bere edukiarengatik, egin den erarengatik eta batez ere, onartu den momentuarengatik. Eta aurtengoz, Kafeko Atzea, txosna gune bezala frogatzeko prest geundela adieraziz, gainontzeko puntuak bertan behera uztea eskatu genien.
Uztailaren 29an, osteguna, Felix Aranbarri eta Jose Luis Garayrekin -gestorakidea- bildu ginen. Bilera hasi aurretik, beltzen bi furgoneta eta kotxe patruila bat ailegatu eta inolako arrazoirik eskaini gabe, Plaza Musikatik atera gintuzten, era bortitzean. Felixekin bilera hitzartuta genuela azaltzen saiatu ginen, baina alferrik. Kafe Antzokiko aurrean gelditu ginen Felixen deiaren zain. Ez zigunez deitzen geuk deitu genion, eta gure asmoa bospasei ordezkari joatea bazen ere, Felixen aginduz hiru lagunek baino ezin izan genuen ertzain beltzen hesia zeharkatu: Jai Batzordeko ordezkariak, Txosna Batzordeko ordezkariak eta tabernari batek.
Udaletxe barruan, Aranbarrik eta Garayk beherapenak eskaini zizkiguten: elikagaien erabiltzaile txartel bakarra eskatuko dute, txosna guztientzat aseguru bakarra, ez du garbitasuneko inspektorerik bidaliko, Plaza Gaineko kasuan beste alde batera begiratuko du eraikin batera itsatsita egon arren, eta ez du txosnarik zarratuko Jai Batzordeko ekintzen arduradunen izenik ematen ez badiogu ere. Euren adierazpenetatik ondoriozta dezakegunez, dekretua paper buztia da. Orduan, zergatik onartu dute, aplikatu ezin duten dekretu bat? Zehaztapen hauek dekretuaren gehigarri bezala sartzea eskatu genion, baina ukatu egin zen. Beraz, ea bere berbarekin fidatzea beste bermerik ez genuen galdetu genion, eta hala baieztatu zigun. Bere proposamena Jai eta Txosna batzordeetan aztertu eta biharamunean biltzea proposatu genion, baina gure eskakizunari uko egin eta txosnen baimenak astelehenerako aurkeztea iradoki zigun.
Bilera agurtzerakoan, hurrengo bileran ertzainei ez deitzea eskatu genion, eta gure harridurarako, oraindik Plaza Musika zeuden beltzak ez zituela berak deitu adierazi zigun. Nork deitu zituen ba? Guk ez behintzat. Polizia Felixekin batzarra genuelako etorri zen eta, berak ez zekien ezer? Beharbada okerrago: ez zuen ezer egin, bere esanetan bere baimenik gabe Musika Plaza eta herriko beste hainbat leku okupatzen zuten ertzainei ospa egitea exigitzeko. Nola fidatuko gara era honetako jokabideak dituen pertsona baten berbarekin, bere anbiguetatearen helburua, eraso polizial baten aurrean ateak zabalik mantentzea dela jakinda?
Batzar luze baten ostean, ostegun arratsaldean jaiak bertan behera uztekotan egon ginen. Aurtengoa, Herrittarron Andramaixak antolatzen dugun bosgarren urtea izatea nahi dugu. Aurreko urteetan bezala, udal dirulaguntzarik gabe eta musutruk lan egiteko prest gaude, baliabideak geure kabuz lortu eta Ondarroako jaiak aberasteko xedearekin. Zentzu honetan, argi utzi nahi dugu herritar xume legez, gogoa bai baina ez daukagula herriko jaiak antolatzeko inolako derrigortasunik, are gutxiago herriko jaiak antolatzearen trukean eskaintzen digutena oztopoak, mehatxuak, makilakadak, atxiloketak, isunak eta epaiketak badira. Une honetan jaiak salbatzeko modu bakarra Felixeri bere berba betetzea exigitzea dela iruditzen zaigu. Horretarako norbanakoen sinadura eta herriko kultur elkarte, ostalari eta merkatarien atxekimendu bilketa bat hasiko dugu herri mailan. Emaitzak aztertu ostean asteleheneko prentsaurrekoan -abuztuak 2- jakinaraziko dugu gure erabakia, Alamedan, arratsaldeko 8:30etan.

Hauxe gaztiau latxeik, Andramaixak be kolokan daz.
Month: uztaila 2010
EAEko Entzutegi Nausixak Alleriko obrak gelditzi ainddu dau
EAEko Epaitegi nagusixak Alleriko paduretako 500 etxebizitzan proiektu para dau behin behingoz.
Honek gertakarixonek horrek proiektuorrek hasiera hasieratik eukittuzen hutsune eta akatsak agerixan lagateittuz.
Egoerin barri emoteko,gaur(eguastena, uzt-28) prentsaurreku eta kozentrazinoi eingo da, arratsaldeko 7retan, Udaletxe aurrin (Frontoi parin).
Hantxe ikusiko gazelakun, ondo ixan!
Alleri Zainddu plataforma!
http://www.blogak.com/aieri

Lehen ez geunkan ba problemaik mare bixixakin
Felix, laga Andramaxak bakin
Andra Mari Jaiak une kritiko batean aurkitzen dira, udal gestorak uztailaren 19an plazaratu zuen dekretuaren ondorioz. Esan beharrik ez dago, jaiak herritik eta herritarrengandik sortu izan direla beti. Hala ere, herritarron nahiak eta agintarienak ez dira beti bat etortzen. Ondarroan bertan, udalak orain dela lau urte desagertarazi zuen Jai Batzordea, eta harrez gero herritarrok hartu behar izan dugu batzorde hau martxan jarri eta dinamizatzeko ardura. Lau urte hauetan zehar Jai Batzordean, talde bakoitzak antolatzen dituen ekintzak koordinatzeaz gain, herritar guztiei begirako egitarau bat osotzen saiatu gara, zeuden gabeziak betetzen (antzarrak, esaterako) eta ekimen berriak bultzatzen (bolei txapelketa, adibidez). Horretan aritu gara eta horretan aritzeko asmoarekin jarraitzen dugu. Baina aurten gure dinamika aurrera eramateko oztopo latz batekin topo egin dugu: Felix Aranbarrik onartu duen dekretua.
Dekretu honen arabera, besteak beste:
Udalak erabakitzen du txosnen kokalekua.
Jai ekintza bakoitzarentzat arduradun bana izendatu behar da, “momentu oro erraz aurkitzeko moduan” egon beharko dena. Guztira 30 arduradun inguru.
Ekainaren 19ko 4/2009 Legeko artikuluak xedatutako bete behar da (presoen argazkiak debekatuta)
Txosnen titular bakoitzak 300.000 eurorainoko erantzukizun zibileko estaldura duen poliza bana ordaindu beharko du.
“Eskatzaileak erabiliko diren material eta instalazioen ardura hartuko du, bai eta horiek dagokien segurtasun eta garbitasun bermeak izan dezaten”.
“Txosnetan janariak eskainiko badira, erabiltzaileek janari erabiltzaile txartela izan beharko dute”.
Baldintza hauetariko bakar bat bete ezean, udalak txosna bat edo gehiago zarratzea agindu dezake. Beraz, gestoraren helburua ez da txosnek baldintza hauek betetzea, baizik eta txosnek bete ezin dituzten baldintzak jartzea, txosnen -eta ondorioz, jaien- aurkako erasoari ateak zabaltzeko. Adibidez, argi dago, teknikoki ezinezkoa dela bi asteko epean ehundaka lagunek janari erabiltzaile txartela ateratzea, eta gainera 35 urteko esperientziak erakutsi digu –Plaza Gainean, adibidez, milaka lagunek jaten dute urtero- halako edo holako txartel bat baino garrantzitsuagoa dela gauzak artez eta zentzuz egitea.
Edukiaz gain, dekretu hau nola onartu den eta nola helarazi den aztertzea argigarria izan daiteke. Ostiralean (uztailak 16) “El Correo Español”ek udal gestorak filtratutako berria argitaratu ostean, herriko taldeok astelehenean jakin genuen, bando bidez, udaletxera hurbildu behar ginela dekretuaren nondik norakoak ezagutzeko. Eta gogorrena: udal kudeaketa batzordeko burua eta idazkaria dekretua argitaratu eta segidan, oporretara joan dira. Nork argituko dizkigu orduan, dekretuaren inguruan sorturiko kezkak? Norekin adostu behar dugu adostu beharrekoa herriko jaiak urtero bezala aurrera jarrai dezaten? Zer gertatuko da, baldintzak bete ezinean, udalburuak ertzainei txosnak zarratzea agintzen badie?
Guk, Jai Batzordetik, urtero bezala jaiak antolatzeko gogoz eta irrikitan gaude, baina une honetan hori betetzea ez dago soilik gure esku. Arazo larri honi irtenbide bat bilatu nahian bere oporrak moztu eta Ondarroara itzultzeko eskatu diogu Felix Aranbarriri, beranduegi izan baino lehen, datorren asteartean gurekin biltzeko. Besterik gabe, eta jaiak urtero bezala gozatzeko aukera izango dugun itxaropenarekin, Gora Andramaixak!!!
HERRITTARRON ANDRAMAIXEN JAI BATZORDEA
ONDARROAN ere UDALBILTZAren alde
Idatz iezaiegun
MENDEXA-ONDARRU MENDI MARTXA
Felipe Egiguren jeltzale historikoa eta Gestorak
2010eko uztailaren 9an Felipe Egigurenen autobiografia aurkeztu zuten Ondarroan. Aurkezpen horretan egon ziren Bizkaiko buruzagi jeltzaleak, eta baita Ondarroako gestorako kideak ere (Felix Aranbarri, Josune Ariztondo…).
Felipe Egiguren Ondarroako EAJko kide garrantzitsua izan zen II. Errepublikan. Uri Buru Batzarreko eta Batzokiko lehendakaria eta idazkaria izan zen, eta alkate eta alkateorde postuak bete zituen urte batzuetan. Horretaz gain, Euzkadi egunkariko kronikari zorrotza ere bazen Egiguren, eta Jokintxo bezala sinatzen zuen.
II. Errepublikako lehen udala hauteskunderik gabe hautatu zen Ondarroan, “29. artikuluaren” bidez. Hau da, alderdiek adostu zuten bakoitzak zer nolako ordezkaritza izan behar zuen Udalean. EAJk hartu zuen orduan udalaren gidaritza, herrian nagusigoa zuelako. Baina 1933ko urtarrilean Madrileko Gobernuak desegin egingo ditu “29. artikuluarekin” eratutako udalak, eta hauen ordez gestorak ipiniko ditu agintzen. Ondarroako Gestora 3 kidek osatuko dute, Tostarteko sindikalista batek eta Unión Republicana alderdiko beste bi kidek, nahiz eta alderdi horrek Ondarroan indarrik eduki ez. Azken hauetako batek lortuko du alkate postua.
Felipe Egigurenek gogor salatu zuen gestora berri horren izaera: “Ya tenemos a la Comisión Gestora en funciones de mando. Nosotros, como nacionalistas vascos, entendedores de una democracía pura y sana, protestamos contra esta clase de nombramientos, por implicar los mismos burla y menosprecio a los sentimientos y deseos del pueblo, que no les otorga representación ni confianza, y sí ve su asalto a los escaños municipales con disgusto y desaprobación” (Euzkadi, 1933-2-01)
Egigurenen berbak zorrotzak eta sendoak dira, sinatzeko modukoak. Eta argi esaten dute herriari bizkarra emanda osatutako gestora adar jotze bat dela, eta herritarrak gutxiesten dituela. Kuriosoa da: Felix Aranbarrik eta Josune Ariztondok eurek egin dutena kritikatzen zuen gizon bat omendu dute!
Felipe Egigurenek buru altzako baleu, zer esplikaziñoi emongo letsake Miren Josune Ariztondok?
GAZTEEN BERTSO AFARIA
Uztailak 10, Zapatu, iluntzeko 8etan sozializa gaitezen bertso afaxe Gaztetxin.
Akordio Nazionalaren aurkezpena
Uztailak 8, iluntzeko 8etan, Portuko Kofradian akordio nazionala eta Zutik Euskal Herria ildoaren zehaztapenak.
Ondarroako Ezker Abertzaleak herri batzar honetan parte hartzera animatzen zaitu.




